Heldutasun falta

Erabiltzailearen aurpegia Itxaropena Urkiola 2016ko irailaren 18a

Hauteskundeen atarian gaude. Berriz ere gure Jaurlaritzarako hautetsien aukeraketa egiteko garaian gaude, eta ez naiz nire harriduratik ateratzen.

Harridura diot, ez baita ulertzen batzuen hanka-sartzeek nola ez duten oihartzun handiagoa entzuleen artean. «Kasurik ez egitea izanen da hoberena», esan dit adiskide batek. Baina ezin ezer esan gabe egon PSOE alderdiak euskararen harira plazaratu duen bideoarekin. Nire iritziz behintzat, euskaldun batena bada ere eta batzuentzat ez den objektiboa, euskarak ez du baztertzen, batu egiten gaitu, eta administrazioko arlo desberdinetarako oztopo gisa ezarri duten horretan, argi dago nik bestelako EGIA osoa adierazteko beharra sentitzen dudala. Izan ere, lanbide batzuetarako gaztelera jakitea ezinbestekoa dela irizten dut, nekez sartuko baita administrazioan euskaraz baino hitz egiten ez duena. Sarrera proba ere ezingo du gainditu, eta ondorioz, ulergaitza dena da, bi hizkuntza izanik ofizial, zertara datorren euskararena (egun oraindik ere plus moduan baloratzen dena), oztopo gisa jarri nahi izatea. Gazteleraz baino ez dakienik bada administrazioan lanean, euskaraz baino ez dakienik topatu al dugu inoiz? EZ.

Bestalde, Madrilen gobernu osaketarako porrota baino eskaintzen ez duten alderdi espainiarrak datozkigu guk hemen geure lanak zer nola egin behar ditugun esatera. Espainiarrak dira (Podemos, PP,PSOE,…) baina argi dago Espainiakoarekin ezinean, ez dutela gurean aurrerapausorik suposatuko. Batzuk ari dira lardaskan, ezkerretik eskuinerako bidean galdurik, (nahiz eta ahoa betetzen zaien formula horiekin), margoa jaurtiz, kaputxak janzten, beste batzuk ari dira gezurrak zabaltzen… Iñaki Gabilondoren hitzak ere badatozkit burura, heldutasunaren inguruan,…

Guk geureari eutsiko diogu, gure herria heldua da, tradizio politiko luzea duena, arduratsua. Egin dezagun geure bidea guretik gurera, hemendik horra, eta ez diezagutela agindu handik hona.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!