Bi izan dira aste honetan: Ohituak gaude Uema dela eta ez dela, aktak euskaraz egin ez egin, Carlos Urkijo, Espainiako Gobernu Ordezkariaren izena albisteetan irakurtzera. Orain baina, eta zorionez, EAEko Udal Lege berriaren ekarpenarekin, legez onartua dute gure udalerriek euskararen sustapenean aurrera egiteko eskumena. Tristea ere bada nolabait esateko, lege batek gure eskubideak zaindu behar izatea. Are gehiago oraindik, eskubide linguistikoez ari garenean, baina sorgin ehizaren erratzean Urkijo bezalakoek ez dute errukirik.
Edonola ere, lehenbizi, Udal Legea; bigarrenik, EAEko Auzitegi Nagusiaren eskutik, aktak euskara hutsean egitearen aldeko epaia, eta azkenik, espainiar gobernu ordezkariaren porrota; beraz, helegiteen baliogabetzea. Oso ongi.
Bestetik, euskarak beste oztopo bat gainditu berri du Iruñean, eta lau izango dira datorren ikasturtean, euskaraz arituko diren haur eskolak. Hemen ere noski, auzitegietarako bidea hartu duenik bada, baina azkenean zentzuak berak jarri ditu gauzak behar duten moduan. Euskaraz aritzea ez da zigorra, ez da mendekua, ez da inoren eskubidearen urraketa. Aitzitik, eskubidea da, heziketa, kultura, nortasuna,... nork bere zentzua emango dio, baina gogoan izatekoa da inoiz baino matrikulazio zabalagoa bermatuko bada ere, oraindik ere eskaeraren azpiko eskaintza dagoela. Lanean jarraitu beharko beraz. Oso ongi.
Nahiko nuke datorren astean ere halako bi albiste irakurri. Irakurri beharrik ez bagenu, seinale ona litzateke, baina hauxe da oraintxe duguna. Oztopoak gainditzen jarraitu beharko dugu.
Zenbat izango dira datorren astean: bat, bi,... zazpi?