Gu ez gara bertan izango, ez gara egoten, ez da gure hizkuntza entzungo, eta hasiera batean ez zen gure ikurrina ere agerian geratuko. Aitortza ez badugu ere, nazio izateko aldarria zapuzteko saiakeran, debekatu ere egin zuten joan den astean ikurrina azaltzea.
Europaz ari gara, eta tamalez, garaiotan, Europak berak hartzen dituen erabakiekin aho zabalik naiz, nahiz eta oraingoan badirudien onartu dutela Europako herrialderik zaharrenaren ikurra ez dela etsai, ez duela debeku horrek susmo txarraren aitzakia baino agerian uzten, batzuk saiatu direla gure irudia kakazten.
Espainiarrek euren bandera erakutsi dezakete, frantsesek eurena, baina Euskadik ez berea? Hori da hori kultura, berdintasuna eta errespetuan oinarritzen den eredua. Zorionez, atzera egin dute erabakiarekin, zaila bailitzateke ulertzea ustez Eurovision delakoak duen funtsa «aniztasunean kide».
Ez dut inoiz Eurovision delako hori ikusi izan, ez eta ikusiko ere seguruenik. Argi dut, espainiar banderak ez nauela ordezkatzen, eta ez dugula gure ordezkaririk, eta ondorioz, ez da eredugarri, handien handiusteak baino ez ditu erakusten. Nahiz eta ikurrinaren debekuarekin hanka sartze galanta egin duten eta konpontzen saiatu, ez da aniztasuna honen inguruan defendatzen dena.
Haiek gu debekatu gaituzte, gure ikurra zikindu, susmagarri izan dute. Nik beste gauza baten susmoa dut aldiz, txikienak ere oihartzun handia egin dezakeela, nahiz eta nahiago nukeen beste zerbaiten harira lortu mugaz gaindiko oihartzuna. Palestinarrak bertan daude oraindik, susmagarri, gu, zerrendatik atera gaituzte. Zer joko da hau baina?
Geurea; ikurrina!