Zer izan nahiko zenuke oraintxe?

Erabiltzailearen aurpegia Itxaropena Urkiola 2016ko urtarrilaren 17a

Umeak, adinez txikia denak, badu berariazko freskotasuna, naturaltasuna, eta baita ametsetan esna aritzeko trebezia ere.

Urtearen hasierarekin jarri gintuzten Poxpolo eta Konpainiak, amesten, gezurra egiarekin mozorrotzen, aire garbia arnasten. Urtearen hasiera izateko, ezin modu aproposagoan hasi ume izaten. Han, Leidorren bildu ginen guztiak, ume bihurtu ginen. Eta emanaldiaren ondorengo Erregeen kabalgatak ere magiaz bete zuen haurraren bihotza. Erraldoien dantzak miresmena zabaldu zuen. Ametsetan,… gozo-gozo, begiak zabal-zabal eta belarriak erne-erne, ipuin baten hasiera balitz bezala zeuden haurrak, eta baita hauen ondokoak ere.

Hasiak dira danborrak astintzen, inauterietarako dantzak eta jaiak antolatzen, magia kutxatik ateratzen, koloreak, ametsak, gezurra egiaz estaltzen.

Haurra non, imajinazioa bertan, freskura, aire garbia.

Haurrari galdetu diogu zer izan nahi duen helduagoa izatean. Hor ere ametsetan ari da haurra, eta guk haurra izan nahiko genukeela pentsatu dugu, gezurretan ez, egiatan baizik.

Oraintxe zer izan nahiko nukeen galdetuko balidate, argi izango nuke. Momentu batez baino ez bada ere; haurra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!