Tolosa erreferente

Erabiltzailearen aurpegia Itxaropena Urkiola 2015eko urriaren 18a

Jose Ariztimuño Olaso Aitzol, Xabier Lizardi, Jesus Insausti Urkirizar Uzturre, Antonio Maria Labaien, Ixaka Lopez Mendizabal,….

Asko dira Tolosak izan dituen ordezkari euskaldunak, garai eta molde desberdinetan.

Alde batetik, garai latzetako ordezkaritza politikoa izan zen Tolosari eta Euskal Herriari eman ziotena. Gogora ekarrita, Aitzol, EAJren ideologoen artean azpimarratzekoa; Uzturre, Bizkai Buru Batzarreko kide eta Euskadi Buru Batzarreko lehendakari izandakoa; Lizardi (zarauztarrak Tolosan eman zuen bere bizitzaren zatirik handiena), Gipuzkoa Buru Batzarreko idazkari izan zena; Labaien, Tolosako zinegotzi eta alkate ere izandakoa, Ixaka Lopez Mendizabal, Tolosako alkate izendatua izan zena. Garai latzetako ordezkaritza abertzalearen zerrendan izen-abizenok zeuden. Bazen erbesteratu beharra izan zuenik, bai eta azken hotsa bere bizitzarekin amaituko zuen tiroa entzun zuenik ere.

Beste alde batetik, bakoitzak bere esparruan, eta generoan, euskara zerabilten, euskaraz aritzen ziren eta euskararako. Aberria eta euskara eskutik, ezin baitzen bestela.

Oraintxe Aranburu Jauregian dugun Gure Xabiertxo erakusketaren baitan ongi uler daiteke zer den lana egitea maitasunetik, euskaraz eta euskararako.

Badira Euskal Pizkundearen argi izpiak Tolosan. Badira bai. Ez al dugu lau haizetara Tolosako seme izan zirenen oroitzapena piztuko, Tolosa Euskal Pizkundearen erreferente aldarrikatuko!

Tolosarren artean euskaltzale hauen guztien izenak egotea ohore da. Tolosak eskertuz, iraganari harrotasunez begiratuz, haiek ere harro sentituko ziren moduz gogora ditzagun. Pizkundearen itzala argiz busti dezagun!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!