Zorionak

Erabiltzailearen aurpegia Itxaropena Urkiola 2015eko maiatzaren 31

Hauteskundeen ondorengo balorazio garaia da. Hala egitea tokatzen zaigu.

Iraultza izugarria izan da, batzuek eskailerak jaitsi dituzte eta beste batzuek igo, hala baita bizitza, eta baita politika bera ere. Gizarteak jarri du oraintxe nor bere lekuan datozen lau urteetarako. Gizarteak berak nahi izan duelako daude orain udaletxeetan batzuk eta ez beste batzuk. Arrazoiak arrazoi, dela zabor kudeaketaren porrota, dela inposizioa, dela harrokeria,…Gauzak aldatu nahi izan ditu tolosarrak, gipuzkoarrak.

Umiltasunez eta arduraz hartu du Olatzek berria, emozioz, baina inongo suziririk jaurti gabe, lanerako prest. Eta gogora ekarri du Tolosako Udalean ordezkari gorena Mirentxu Etxeberria izan zenekoa. Bai, biak tolosarrak, emakumeak, abertzaleak, diskrezio osoz lanean aritzen direnak, euskaltzaleak, … Emakumearen indarra, boza, kemena, emakumearen abertzaletasuna dugu eskualdeko ordezkaritzan, Tolosan, ez ezik, baita Iruran eta beste hainbat herritan ere, emakumezkoa izango da alkatea, edo eta alkatetzatik gertu geratu dena ere.

Datu hori noski, bitxikeria hutsa baino zerbait gehiago ere izango da, eta horrekin batera, ahots berriekin, umiltasunetik abiatuta, lanaren ekinez, harrotasunez baina harrokeriarik gabe, Mirentxuk berak egin zuen moduan, ziur naiz Olatz Peonek ere marka egingo duela, eskarmentua baliatuz eredu izango dela.

Sekulako babesa lortu duzu, Olatz, jaso zorionik handiena ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!