Iparra galdurik

Erabiltzailearen aurpegia Itxaropena Urkiola 2015eko apirilaren 26a

Hauteskundeen atarian gaudelarik alderdi guztien ahotik entzungo ditugu proposamenak. Nork bere hautua egingo du halako edo bestelakoaren aldeko botoarekin. 

Baina proposamenak batzuetan ulertezinak ere badira, edo hutsaren hurrengoa, eta proposamen aurretik hauen guztien justifikazio edo arrazoiketak ere entzungo ditugu dena den.

Izan ere, astebete pasa da Donostiako udaletxeko balkoian Espainiako bandera dagoen horretan beste bandera espainiar bat jarri dutena. Bai, Errepublikakoa, baina hori ere, espainiar errepublikakoa. Benetan iparra galdua du aspaldian Bilduk. Esan dezakete halakoagatik edo bestelakoagatik jarri dutela, baina nik ez dut bigarren bandera espainiar baten arrazoiketa abertzaleen eskutik erraz ulertzen.

Iparra non dagoen ez daki Bilduk. Nolatan etor daitezke horrelakoak, Ibarretxe Plana gure herriaren etorkizunerako abiapuntu aldarrikatu eta aldi berean besteei lezioak ematera?

Ibarretxe Planaren inguruan zangoa askok eta askok jarri zuten, sei bozketatik hiru baino ez zituen eman garai hartan orain ezinbestekotzat jotzen duenak. Nola uler liteke? Nik ezin dut, eta are gutxiago independentziaren aldarria eurena egiten dutelarik, gainerakoek auzi honen inguruan interes «gehiegirik» ez dutela esatea onartu ere.

Espainiar errepublikaz haratago, proposamenik? Ibarretxe plana orain bai?

Zer da baina gizarteari egiten zaion proposamena? Iparra galdurik, zalantzarik gabe.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!