Aho zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Itxaropena Urkiola 2014ko azaroaren 2a

Araudia ezarri du, bai, Larraitz Ugartek, Foru Aldundiko bozeramaileak. Ez du zalantza izpirik izan herritarroi esateko zer eta nola egin behar den galdeketa bat. Noiz den zilegi herri galdeketa. Oraintxe esaterako, Zestoan, ez dator kontura. Izan ere, gaineratu du, ausartu da esatera, demokraziaren oinarria ez dela beti galdeketa bat. Ez noski, hori behin eta berriro diote politikari askok, baina bere ahotik halakorik!

Hamaika entzuteko jaioak gara.

Bai, lehenbizi informazio prozesu bat jarri behar da martxan. Beraz, ondoriozta daiteke zestoarrek galdeketa eskatzen badute ez dutela nahikoa informazio jaso? Ba eskatu omen dute, atera kontuak. Ondoriozta daiteke, horrenbestez, ezin dutela euren hautua botoz eman? Demokraziaren funtsetik urruti zein dago beraz, herritarrak, eurekin kontatu ez delako? Erraza da bai, gobernu bat kritikatzea, eta aurrekoan Donostiako alkateak ETB2ko saio batean esan zuen bezala, ez da beti erraza izaten erabakiak hartzea, sarri askotan zure benetako nahietatik zertxobait urrundu zaitzake egindako aukerak, baina gobernatu egin behar da. Horrek noski, kontraesanak sortzen ditu; herri galdeketaren inguruko zilegitasunaz aritzean, bai kulturala izango den ekimen batean lehendakari bat izendatzerakoan, bai kargu publiko baten aukeraketa frogarako hizkuntzari begirunerik ez jartzean. Hauek guztiak batzuek zein besteek ere egiten dute, antza.

Esan duenak esan duelako nago baina, aho zabalik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!