Joan zaigu opor garaia, eta gainean dugu jada ikasturte berriari ekitekoa. Noski, ohiko orduan jaiki, gosaldu, eta Ikastolara joateko sasoi honetan, urduritasunak, negarrak, algarak egongo dira aurpegi askotan marrazturik. Baina nork bere bideari ekingo dio, ohiko bidea hartuko du txirrinduaren abiadan, edo oinez, edo autobusez...
Euskal Herriko haurrek badute non ikasi, ustez. Ustez diot, eta jakinik euskaraz ikasi nahi dutenen kasua zein den Nafarroan edo eta Iparraldean, Ziburuko Ikastolako haurrak dira notizia. Euren Ikastola noraezean jarri dute, eraikina bai behintzat, ez izpiritua. Izan ere, Ikastolaren egoitza Marinela eraikin publikoa izan nahiz beste bat, euskaraz ikasteko eskubidearen berma hari batetik zintzilik dagoen lekuan, bada taupada bizi bat. Ikastolarena. Pena da hizkuntza berriz ere jomugan izatea zenbaitzuk, izan ere, nola uler daiteke Seaskarekin hitzarturik zuen konpromisoari muzin egin eta auzapezak berak bertako 12 ikasleen ikasturtearekin jolasean aritzea?
Hemen ere noski, badira sigla politikoak, eta izen-abizen zehatzak, baina horrek ez du inporta. Garrantzitsuena zerbitzua ematea da, eta geureari ekitea; hala, Seaskak baieztatu du ohiko lekuan hasiko dituztela ikasleek euren eskola orduak. Neska-mutil horien hezkuntza ez baita nork bere ganoran erabili dezakeen zerbait, eta ikasturtea hastera doa.
Ikasturte berri on guztioi!