Bien bitartean, Siziliako itsasoetan 600 etorkin zeuden noraezean, eta haietatik 30 inguru betiko ametsean, hilik. Hauek ere etorkinak izango ziren baldin eta iritsi balira.
Gu ere bagoaz, baina gu ez gaituzte botako, ez digute esango behar ez gaituztenik. Gure presentzia ongi etorria izango da. Diru usaina dugu. Dirudun baikara, eta oporretan, arazoetatik urrun, diruak estaliko ditu gure mamuak, gure gabeziak, gure desirak, hutsuneak.
Hegazkinez, autoz, itsasontziz, zeruak nahiz itsasoak zeharkatu ditzakegu. Seguruenera arrisku guztien gainetik, sorginak bagina bezala. Gure oporren desiran, egunerokotasunetik ihesi goaz, baina baita gure errealitatetik ere, eta bagoaz, bagoaz, baina etorriko gara. Halaxe erabakitzen dugu; itzuli eta etxeko goxotasunean jarraitu, egunerokotasunean, gure kaxa magikoaren barruan, babesean, lo goxoan jarraituko dugu, baina kexu.
Obama ez den beste agintari batek esango die berriz ere munduko beste zenbait gurasori euren haurrak ez bidaltzeko hona edo hara, ez direla ongi etorriak. Bertaratzen badira ere itzulerako bidean jarriko dituztela. Halabeharrez egin duenak alde, halabeharrez itzuli behar. Guk aldiz, nahi dugulako egiten dugu alde, eta nahi dugulako itzuli.
Munduko beste zenbait guraso ere bagara batzuk ordea.