Oraintxe, gure udalerri askotan Auzitegi Gorenaren inposizioaren aurrean zintzo ari dira Bildukoak, legea betetzen, eta noski, ez dut zalantzarik, euren borondatearen aurka arituko direla seguruenera. Baina, ezin daiteke ukatu, horrelako auziak baduela aldez aurretiko aurrekaririk, eta noski, salatzekoa ere badela gertaera honen aurrean oraintxe gurea ez den bandera zintzilikatzen ari direnen arduragabekeria eta etorkizunerako herri eraiketarako edabe magikoaren proposamena. Abertzaletasunak asko zor dio iraganari. Iraganekoak izan zirelako baikara gu ere abertzale. Hori ezin daiteke ukatu. Iraganak eman dio izena gure Herriari, eta baita bere ikurra bera ere: ikurrina. Beraz, nekez uler daiteke zer dela eta eska dezakeen herriaren eraiketan ari den buruzagi politiko batek iraganari muzin egitea, eta iradokitzea, etorkizunerako biderako iraganari begiratzea oztopoa jartzea dela, aurrerapausorik ez eman nahi izatea edo. Nola bada? Eta ahaztu egingo dugu beraz, gure ikurrinaren sortzailea? Eta Eusko Gudariak kantaren sorburua? Ez dugu gogora ekarriko lehenbiziko ikurrinek argia ikusi zuteneko garaia? Ez dugu hitz egingo beraz, gudarien kemenaz? Hori ez da etorkizunerako pauso sendorik emateko modua. Herri batek iraganari ere begiratu behar dio etorkizun oparoa edukiko badu. Amnesia ez da batek bere nahieran erabil dezakeen zerbait. Orain gogora ekarri halako, eta beste halako hau aldiz, zokoratu. Ez jauna. Nik ez dut inongo lotsarik sentitzen, ez damurik, lasai egingo dut lo.
Litekeena da norbaitek amesgaiztoak izatea, eta nahi ez izatea iraganeko zenbait gauza gogoratu. Agian damu da, edo lotsa sentituko du. Beno, ba oraintxe du aukera. Gaitzestekoa, gauzak bestela egiten direla onartzekoa, baita ere, zergatik ez, barkamena eskatzekoa, baina ez dezagun eskatu mesedez, urte batzuk atzera, banderen aferan zenbaitek egin eta esandakoak ahaztea. Garai hartan, Tolosan zehazki 1983an argazki kamera eskuan gerturatu zenik ere bazegoen, zorigaitzeko kronika batetik etekin publikoa atera asmoz.
Ez baita jatorra esatea orain bai, jeltzaleak baitaude, baina orain ez, gu baikaude. Hori ez da joko garbia, zikina da, oso.
Errespetuz jokatu behar da, eta manipulazio hitza auzi honetan nork sartu zuen gogora ekarri beharko genuke. Iraganean zikin jokatu zuenak noski, ez du bada orain amnesiaren edabea eskaini nahiko, ezta? Iraganak etorkizunerako zubiaren zutabeak sendo eraikitzen lagundu diezagula, benetako zutabeak, aurreko akatsetatik ikasiz, nork bere ikasgai har dezala.
Jeltzale zenak sortu zuen Eusko Gudariak kantak eta jeltzale zenak sortu zuen ikur abertzaleak, ikurrinak alegia, errespetua merezi dute. Iraganetik datozen abertzaleon ikur dira, ez ahaztu. Inposizioak inposizio, izan zirelako gara eta.