(In)komunikazioa?

Erabiltzailearen aurpegia Itxaropena Urkiola 2014ko mai. 11a, 19:00

Zer ekarri dute gaur egungo teknologiek gure gizartera? Komunikatzeko bide azkarra eta erosoa. Seguruenera horixe da gehiengoaren ustea, baina noski, honen guztiaren atzean badago zer pentsatu eta hausnartu, izan ere gure artean nork ez darama teknologia suposatzen duen aparatu bat sakelan? Eta ez al genuke zertxobait pentsatu behar honen inguruan?


Gure gizarte honetan ezinbesteko egin dugun gailua da, eta noski, hasiera batean ziurrenik abantailak baino ez genizkion ikusiko sareari, uhinen bidezko komunikazioari, botoi bat sakatzearekin argazkia atera, bidali, mezu bat eransteari, informazioa bilatzeari, aldizkari eta egunkariak gainbegiratzeari,... guztia nahi dugun lekuan eta nahi dugun lekutik egin dezakegu, eta bai, ezer txarrik ba ote du honek guztiak? Zaila da kalterik ikustea, baina honen guztiaren ondorioz komunikazioa erraztu egiten dela esatea... ez da guztiz egia zenbaitzuetan.

Izan ere, sarritan mozten ditugu benetako komunikatzeko balio duten unean uneko elkarrizketak, eta sarri askotan ganoragabekoak diren telefono deiak dira etena dakartenak. Baina honelakoetan, hizketan ari zarenarekin elkarrizketa eten eta telefonoaren bestaldean dagoena lehenesten dugu, noski,... agian garrantzitsua izango da eta,... baina badakigu telefono deiak eta baita egungo mezuen garrantzia ez dela momentu jakin batean mantentzen ari zaren elkarrizketaren haria baino handiagoa. Ikusezin egiten ditugu mezuak, elkarrizketak, eta baita lagunak ere (Facebooken esaterako «lagunak» egiten ditugu eta). Gainera, parean dugunari bizkarra eman eta uhinaren bestaldean dagoenari eusten diogu? Ez al da bada jarrera itsusia?

Parkean umeak ere isilik daude, trenaren nahiz autobusaren makina hotsa baino ez da entzuten, bidaiariak mutu dira, adituaren elkarrizketa eten duen telefono deiak baino ez du isiltasun hori guztia eteten, izan ere, umeen jolasak eta helduenak berdintsuak dira egun, makinari begira, begiak zabal-zabal, eta hatza aurrera eta atzera inkomunikazioan murgildurik goaz trenean, autobusean, komunikazioari atea ixten, elkarrizketarako aukerak mozten, eta aurpegietara ere begiratzeari utziz. Parekoaren begiek zer dioten ikusteko gaitasuna bera ere galdu dugu, gustuko zaituen, gustuko duzun, atsegina dirudien,... hara, bere izena jakinik, Facebooken begiratuko dut bere profila, eta ez diot imajinazioari ere jolas honetan parte hartzen utziko.

Pena da baina. Komunikazioaren inkomunikazioan sarturik gaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!