Gure esku dago

Erabiltzailearen aurpegia Itxaropena Urkiola 2014ko apirilaren 6a

Beti sinistu dut nire aberriaren aldeko defentsa sutsuena sentimendua dela. Hitzak edo keinuek adierazi dezakete noski, zer-nolako sentimendua dudan, zer nahi dudan nire herriarentzako, zer amesten dudan Euskal Herriarentzako; libre izatea, aske, burujabe.

Noski, oztopoak etxe barruan nahiz kanpoan izan ditugu, eta ustez, orain libreago garen honetan, benetan espero dut hitza izatea lanabes bakarra, nire sentimendua, nire hitza errespetatua izatea, eta noski, erronka horretan indarrak metatu, eta modu zintzoan gero eta bidaide gehiago izatea gure herriaren erabakitzeko eskubidean. Honako hauek dira nire herriaz galdetzen badidate erantzun ditzakedanak:

1- Nazioa gara
2- Erabakitzeko eskubidea daukagu
3-Etorkizuna Herri honetako herritarren esku dago.

Beraz, eta hori honela dela sinisten dudalako, eta benetan zilegi delako, iruditzen zait Gure Esku Dagoela, ezin diogula bizi dugun egoera berri honi muzin egin, eta benetan nahi baldin badugu, benetan, aukera hau aprobetxatu egin behar dugula, gure hizkuntzan, gure modura, erantzun bateratu baina bakarra emateko garaia dela.

Ez baita ez armarik, ez estaturik, ez ekaitz edo trumoirik sentimendua kenduko didanik. Hori nirea da, eta ezin esan diezadakete esan oker ari naizenik. Oztopoak jarriko dizkidate, harriak bota bidean, baina euskarririk sendoena nire barnean dagoenez, ezin irauliko dute ametsa. Ametsa baina, egia bilakatu dadin, lanean jarraitu behar da, tinko.

Aurki Aberri Eguna ospatuko dugu abertzaleok, baina Aberri Egunaren ospakizuna egun zehatz bat baldin bada ere, egunero egin behar da Aberriaren alde. Etorkizuna gurea da. Gure esku dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!