Mantxo, baina joan gaitezen aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Itxaropena Urkiola 2014ko mar. 7a, 12:42

ihar izango da Emakumeen Nazioarteko Eguna. Baina, bihar baino beranduago etorriko da seguru benetako berdintasuna. Oraindik orain, aldarrikapen eguna bada, zerbaiten seinale ere izango da. Seguruenik gure herriko algara, txaranga eta bestelako jaietan ere ez diogu erreparatu berdintasun ezari, guztiok aritu gara dantzan eta algaran murgildurik, baina eta gaur? Biharko egunari begira?

Oraindik ere baditugu keinuak, keinu itsusiak, baina sarri askotan egunerokoan ez gara desberdintasun horren jabe egiten. Izan ere, lehengo batean hamabost urteko ikasleei ogibide zerrenda luze bat eman ostean, agerian geratu zen eurak ere hasiera batean desberdintasunik ikusi nahi ez zuten lekuan, egon, badaudela. Ogibideetan, beraz, zerrendarik luzeena gizonezkoen aldera egiten zuen. Noski, horren guztiaren atzean guk geuk sortutako estereotipoak daude, ez besterik. Ikasleek eurek esaten baitzuten, emakumezkoak ere izan zitezkeela mekanikan adituak, iturginak, igeltseroak, kamioi gidariak, kotxe konponketan adituak,… Baina errealitatean zer topatzen dute gure gazteek? Zein da egun ere gizartean duten eredua? Zerrenda luze horrek gizonezkoenera egiten badu, non daude baina emakumeak? Ikasle batek erantzun zuen: «Asko, etxean, eurenean edo eta besteren batean garbiketa lanak egiten».

Esan gabe doa aurrerapausoa eman duela emakumeak, eta beraz, gizarteak, baina oraindik ere badago zer egitekorik. Edozein kasutan, aurrera joango bagara ere, estereotipoekin hautsi beharko dugu. Desberdintasuna agerikoa da, baina geure barnean eraikia. Eta noski, eraldaketa, iraultzak, batek hasi behar ditu bere barrutik; nekez alda daiteke-eta kanpo aldea barrukoak betiko amuari eusten badio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!