Paperetik ahora eramango ditugu Xalbadorren Heriotza, Donostiako Hiru Damatxo, Martxa baten lehen notak, Batasuna,….eta beste hainbat kanta eta doinu.
Gutxira txarangek hartuko dituzte plaza eta kaleak Inauterietan, horiek ere ondare ditugu; Pitxi-pitxi polit bat, Galtzaundi, Zein politak diren, Jeiki-jeiki…
Gure ahozkoak baina, erakusleiho, oholtza, plaza desberdinak izan ditu lekuko arestian; sagardotegiak, mendi malkarrak, txangorako bidea autobusean, ezkontza egunak, elkarteetan egindako hamaiketako nahiz askariak…
Orain ere, musika nonahi entzun daiteke, edozein garraiotan bidaiatzen ari garela, kalean, gure logelan, eta noski, gailu berritzaile eta teknologiko anitzak ditugu eskura, zein baino zein txikiagoa eta eramangarriagoa. Horrek guztiak aitzitik, ez du kantuaren, ondarearen etorkizuna bermatzen. Gazteei abesbatzak, familiak, irakaskuntzak erakutsi behar dizkiete gure iragana, gure lehen kantak, nor garen baina baita nondik gatozen ere. Horretarako noski, euskara ezinbesteko dugu. Euskara baita gure izatearen zutabe.
Sarea zintzilik dago, MP4a hankamotz, eta sakelekoek ez dute ere transmisio lan hori egingo. Gu geu izango gara gidari, eta hala, amaren bularretik mintzorako jalgian, aita-semea tabernan daude abestuko du Itziarren semeak, eta amonak kontatuko digu nola behin, gure aitak amari gona gorria ekarri zion, eta gure euskararen aldaerak direla eta, nola egiten dugun Araban bagare, Gipuzkun bagera,…
Ikastolak euskararen transmisioaren harira, beste behin ahoa darabil, hitz antzurik gabe; ekin eta ekin, euskaraz biziz eta euskaraz kantatuz.
Izan ere, kantatzen duen herri bat ez da sekula hilko.