Haur baten desira Gabonetan

Erabiltzailearen aurpegia Itxaropena Urkiola 2013ko abe. 27a, 10:57

Haizea iparretik jotzen du, eta ekaitza gailendu da. Lainopean dago Euskal Herria. Izara zuria jantziko ote du gure herriak Gabon hauetan?

Urte berriarekin desira zaharrak datozkigu, edo batzuentzat, amets berriak, baina edozein kasutan, guztiok desio dugu etorkizun oparoagoa. Patua ez dago gure esku, baina bai amets egitea, eta hala, kale zaharretako erakusleihoetako salgai, alokatzeko, itxia bezalako goiburuen lekuan bakea, itxaropena, berdintasuna, askatasuna marrazteko gogoa datorkit sarri.

 

Lau urteko ume bati zer desira zuen galdetu nion joan den astean medikuarenetik irteterakoan, eta semaforoak gure bidaia pausatu zuela, ezker-eskuin begiratu eta bistaratu zitzaion zuhaitzaren antzera, berak beti biluzik egon nahi zuela esan zuen. Eta bide batez, Olentzerok lore bat ekar ziezaion nahi zuen. Desira benetan zer den ez dakienak ere, amets egin dezake. Horretan ere badugu zer ikasi. Amets egitea, burua dantzan jartzea, eta benetan existitzen ez dena errealitate egiteko gaitasuna du lau urteko haurrak. Mari Domingiri hitz egiten dio, eta gosari goxoa jarriko diola agindu.

 

Helduon desirak aitzitik, errealitatean oinarritzen dira, erronka bereziak ditugu zorion iturri, eta sarritan asebetetze maila lortzen ez dugula eta, etsi eta gaixotu egiten gara. Nahiago dut egunotan lau urteko haurra izan, eta ametsetan jarraitu, irudimenari bide eman, eta kale zaharretako betiko erakusleihoetako iragarkien mezuari ez erreparatu.

 

2014 urtea oparoagoa izatea baino ez nuke nahi, eta bide batez, Olentzerori eskatuko diot, izara jarri dezala gure mendietan, nostalgiaz bada ere, ezin baititzaket ahaztu haurra baino ez nintzeneko Gabonetako zirrarak, urduritasunak, ametsak,…

 

Hara! Ernio ingurua zuritzen hasi dela dirudi! Oraingoz behintzat, nire izara zuriaren goxotasunean jarraituko dut ametsetan.

 

Urte berri on guztioi!

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!