Euskararen gazi-gozoak

Erabiltzailearen aurpegia Itxaropena Urkiola 2013ko abe. 6a, 13:33

Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian alerta piztu da. Beno, piztu dute, baina horretarako ausardia izan duenak eskua ezkutatu du. Koldarra behar da gero!

Nafarroako D ereduko 1.652 irakasleri jarraipena egin, sei orriko txostena idatzi eta datuak jaurtitzeari ekin diote. Hau da marka! Gezia bota dute, noski, orain ere euskaldunon bihotzera, min gehien egin dezaketen lekura. Gure hizkuntza bermatzen duen eredu bakarraren aurka. Nork baina? Zilegi bada halakorik egitea, zilegi bada ETAzaleen edo eta alderdi politiko baten bueltan aritzea susmo txar horiekin irakasleen izen ona zikintzea, zilegi bada auzitegietan dabilen presidente baten ahotik salaketa publiko horiek entzutea, norbaitek egin ditu zilegi, ezta? Alegia, Nafarroako Gobernuak zer ezkutatu duela eta, gainerakoei salaketa antzuak jaurti baino egiteko hoberik ez ote?

Euskararik gabeko Nafarroaren aldeko borroka horretan pozoia baino ez dutenei, euskararen aurkako oinarririk gabeko erasotzaileei hausnarketarako gonbitea egin nahiko nieke.

Guk, euskaraz bizi nahi dugunok, ez dugu zertan erakunde baten edo besteren ahaide izan, ez eta biolentziarekin inongo loturarik izan, eta are gehiago, gure hizkuntzak ez du zertan salaketa horien jomugan egon.

Hezkuntza sistemaren hobe beharrez ariko bazarete, hobe duzue D ereduak ez diren bestelako zenbait «sistema» aztertzea, bai eta irakaskuntzatik at dauden, eta ustez gure gizartearen onurarako diharduten zenbait politikari, ministro, zinegotzi eta baita presidenteren inguruan azterketa poliziala abiaraztea.
Guztia ez baita zilegi, eta are gutxiago zerbait ezkutatzeko aitzakiarekin egiten bada. Hausnarketa hori egin beharko du ezinbestean espainiar sutsua den nafarrak. Auzi gazi honen inguruan tarta gozo batek lagundu dezake agian? Argi dago euskara gazia egiten zaiela batzuei, eta beste batzuei aldiz, ezin gozoagoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!