Hego haizea

Erabiltzailearen aurpegia Itxaropena Urkiola 2013ko aza. 8a, 09:02

Aditu batek esan zuen -Harriak esango balu harri batek ezin dezake etxe bat eraiki, ez legoke etxerik. Tantak esango balu tanta batek ezin dezake errekarik sor, ez legoke itsasorik. Aleak esango balu ale batek ezin dezake lurra erein, ez legoke uztarik. Gizakiak esango balu maitasun keinu batek ezin dezake gizartea salbatu, ez legoke justiziarik, ez eta bakerik ere munduan-.

Murrizketak ditugu gure gizartean. Oparotasuna izan dugu, aberastasuna, gehiegikeria akaso. Hirugarren Mundua deitzen dugun horretan baina, murrizketek ez dute inoiz lekurik izan. Asko, oparoa, anitza dena murriztu baitaiteke, baina ez gabezia. Gabezia haatik, hedatu egin daiteke, ingurunea kutsa dezake, huntzaren antzera luze eta zabal hazi daiteke, izurritearen mozorroa jantzi dezake.
Bestelako norabidea ere har dezake gabeziak, pobreziak. Indargabetu egin daiteke izurritea, eten, harresia jarri hazi ez dadin. Horretarako baina, ezinbestekoa da itxaropena elikatzea eta menpekotasunaren aurka aritzea.
Hegoak ezin dezake Iparraren itzala izan. Euren etorkizunak besteon bizimoduaren arabera egiten du aurrera edo ez. Menpekotasuna erabatekoa da, eta noski, gurekiko gainera zordun dira. Nola baina?
Arazoa ez da Hegoaldeko herrialdeena, arazoa ez da pobrezia. Arazoa segurenik «aberastasuna» da. Gure eguneroko bizitzaren inguruan hausnarketa egitea ezinbestekoa da. Etengabeko «hazkuntza» oinarri duen sistema ekonomikoa ez da bideragarria. Gehiegizko kontsumo honek guztiak ingurunearen nahiz gizartearen galzoria dakar. Egunero marrazten ari gara mundu baten heriotza, baina noski, nahikoa urrun ikusten dugun munduarena, antza. Hegoaldeko herrialdeak berreraiki egin behar ditugu, eta noski, horretan lagundu, baina errotik berreraiki eta eurak izanik protagonista.
Herri bat aurrera aterako bada herritarren eskura jarri behar dira baliabideak, eurak izan daitezela euren gaitasunak garatzeko giltzarri, eta ondorioz, euren kabuz bizitzarako beharrezko dituztenak lortzeko. Menpekotasunik gabeko laguntza deitzen diot nik horri, zorrik gabekoari.
Oraindik orain, zorra mantentzeko ausardia dugu Mundu honetakook? Hego haizeak eragin beharko dio agintari bati baino gehiagori?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!