Eritrea eta Somalia. Bertakoak ziren, patuak hala nahi izan zuelako. Ez zuten eurek erabaki bertakoak izatea, izan ere ez dago gure esku gure aberria aukeratzea. Edonola ere, jakin badakigu zorionak edo zorigaitzak dakarrela etorkizuneko ongizate edo tragedia. Izan ere, afrikarrek zorigaitzeko izateko aukera zabalagoa dute esaterako euskaldunek baino. Orokorrean ari naiz, bai, baina 500 etorkinen kasua nahikoa orokorra iruditzen zait.
Iragan irailaren 30ean, 13 etorkin hil ziren Siziliako Scicli herri ondoan, eta joan den asteko tragediari gehitu behar diogu ordu batzuk lehenago beste 463 etorkin iritsi zirela Sizialiako hegoaldera.
Gu aldiz eroso gaude. Eskuak burura eramaten ditugu, edo ez, eta berria jakin eta minutu gutxira gure egunerokoan murgildurik jarraitzeko kemena dugu, ezer gertatu ez balitz bezala. Noski, krisi garaian gaudela eta, gainera, iritzi kontrajarriak egongo dira, etorkinak arerio baititu oraindik ere egungo gizartearen zati batek. Baina nola? Gu geu izan gara aberria utzi eta etorkizun oparoago baten egarriz joan izan garenak, eta geurera etorri den jende asko ere badugu mamu beraren atzaparretatik ihesi. Baina denborak eta batez ere ongizateak entzungor egiten gaitu, itsu, eta bihotza gogortu. Ez dizkiegu izen-abizenak jartzen, ez baitira gure senide edo lagunak, eta zentzumenak galtzen ditugu, antza.
Politikariei eskatzen diegu entzun gaitzatela, kalean dagoen egoera krudelaren benetako irakurketaren erantzukizuna eurena ere egin dezatela. Baina eta gu? Nork berea salbatuko du agian, zorioneko bidea topatuko, eta bere bideari ekingo. Aitzitik, herrialde batzuetan daudenek ezingo diote irtenbiderik eman zorigaitzeko goseari, ez eta gaixotasunari, baina saiakera horretan itsasoa zeharkatu eta geurera etorriz gero luza diezaiegun eskua, adiskidetasuna eskaini eta lagundu. Horixe baita gizarteari gizatasuna ematen diona.