Hezkidetza ikastaroa eta bertsolaritza landuko dute LH5 eta LH6ko ikasleek

Erabiltzailearen aurpegia Irurako ikastola 2016ko urr. 14a, 10:31

Urtxintxa eskolak emango du Hezkidetza ikastaroa eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartekoek "Gu ere bertsotan" proiektua ekarriko dute ikastolara

Hirugarren urtez jarraian, Irurako ikastolak Hezkidetzako ikastaroa martxan jarri dugu. Urtxintxa eskolak gidatzen du saioa eta LH6 eta LH5eko ikasleek parte hartzen dute.

"Hezkidetza, bere banakotasun eta berezitasunaren arabera, generotik at egiten den pertsonen hezkuntza da. Hezkidetzak pertsona guztiak berdin heztea esan nahi du", Urtxintxa eskolako arduradunek adierazi dutenez. "Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunetik eta ezberdintasunetik abiatzen da, bi ereduen (maskulinoa eta femeninoa) integraziotik, alegia". Pertsona autonomoak izateko behar ditugun gaitasunak garatzea da ikastaroaren helburua antolatzaileen esanetan. "Nesken eta mutilen arteko harremanak espontaneoak eta naturalak izaten dira eta adinaren arabera, koadrila eta laguntasuna dira harreman horien ezaugarri nagusienak. Baina, harreman hauek ere, genero identitateaz, genero estereotipoez eta rolez markaturik azaltzen zaizkigu, lagun taldearen presioa handia delarik eta, askotan, neska eta mutilek harremanak izatean, genero espektatibak betetzen saiatzen dira. Hau dela eta, askotan nesken eta mutilen artean sortzen diren harremanak bazterkeriaz eta indarkeriaz bizitzen dira; sarritan, harremanetarako dauden ereduak erasokorrak eta baztertzaileak direlarik".

Ikasleengandik oso balorazio positiboa jaso izan dugu eta landu beharreko gaia dela iruditzen zaigu. Tamalez gizartean dagoen gaia da eta guztiok dugu ardura.

 LH5eko ikasleek landu dituzten bi saioak:

1.SAIOA: Bizikidetza zer den lantzea.
 Generoa kontzeptuak
 Rolak eta estereotipoak
 Aniztasuna
 Diskriminazio espazio desberdinen azterketa: ikastetxea, lana, familia, gizartea (hedabideak, ohiturak, moda…)

2.SAIOA: Indarkeri sexista
 Zer da?
 Zergatik gertatzen da?
 Non gertatzen da? (eskolan, etxean, gizartean, koadrilan, lantokian…)
 Zertarako balio du? Zein da bere helburua?
 Indarkeria motak: fisikoa, psikikoa, sexuala, ekonomikoa…
 Zer esan nahi du “maitatzeak”? Zer ez du esan nahi?
 Maitasun harreman desberdinak:bikotea, familia, lagunak…
 Maitasun erromantikoa… existitzen da?

LH6ko ikasleek landu dituzten bi saioak:

1. SAIOA: Jendarteratze prozesua
o Sexua / Generoa kontzeptuak
o Rolak eta Estereotipoak
o Lotsa eta ezjakintasunagatik galdetzen ez dituzten kontzeptuak argitzea
o Estereotipo, genero, identitate eta orientazio sexuala kontzeptuak ezagutzea eta ulertzea.
o Suposatzen duten mugari buruz hausnartzea.

2. SAIOA: Auto-estimaren garrantzia sexualitatean.
o Besteek gure pertsonaz (proiektatzen dugun irudia) duten pertzepzioaz jabetzea.
o Auto-estima gure harremanetan duen garrantzia lantzea.
o Maitasun erromantikoa… Existitzen da?
o Maitasunaren inguruko mitoen eta sinesmen faltsuen desmitifikazioa.
o Auto-estimaren garrantzia.
o Harreman positiboak eta osasuntsuak.

Gu ere bertsotan

Bestalde, bigarren urtez jarraian,  "Gu ere bertsotan"  proiektuarekin jarraituko dugu. Proiektu hau Gipuzkoako Bertsozale Elkartetik dator eta aurtengo irakaslea Ane Labaka izango da. Iaz LH6ko ikasleek parte hartu bazuten ere, aurten LH5ekoek ere parte hartzeko aukera izango dute.

Ikastolako kurrikulumarekin bat datorren proiektua da baina gure ikasleek beste modu batean lantzeko aukera izango dute. Bi helburu nagusi jorratuko dira: Alde batetik, bertsogintza bitarteko delarik, hau da, eskola kurrikulumean bertsolaritza ezarriz, ikasleen euskararen erabilpen maila eta kalitatea handitzea; Eta bestetik, bertsotarako zaletasuna piztea eta bertsogintzari eskolako jardunean funtzionalitatea emanik, zaletuen beharrak eta gogoak elikatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!