Eder

Erabiltzailearen aurpegia Irene Larraza 2016ko irailaren 18a

Noiz izan gara ederrago 17 urte genituenean baino, pentsatu izan dut urteak betetzen nituenero». Zein sentipen bitxia Pako Aristiren hitz hauek irakurtzea (Arrotz eta eder, Susa, 2016) 17 urteko seme zaharrena hilabete luze iraungo zuen, irauten ari den, bidaia-abentura zoragarri batean abiatu berritan...

«Noiz izan gara ederrago, eta bakoitzak du bat oroitzapenen artean».

Noiz izan gara ederrago, indartsuago, hilezkorrago, 17 urte genituenean baino. Inoiz ez. Edozein erronkari aurre egiteko gai. Jakin behar den gehiena badakigula sinetsita, eta falta zaiguna ikasteko bizitza osoa aurretik dugula. Agortu gabe ditugu aukerak, begien aurrean zabalik, gure zain, guretzako sortuak izan balira bezala. Mundua aldatzeko lagun izango ditugun aukerak.

«Denok dugu mundua perfektua izan zeneko ideia bat, dena bere lekuan egon zena. Ez luzaroan, baina».

Mundu perfektu hori bihurritzen, kutsatzen hasten da gero... Ez da egia aukera guzti-guztiak geure eskura daudela; geure hautuek beste batzuk mugatuko dizkigute, nahita nahi ez.

Ez, ez dugu mundua goitik behera aldatuko. Eta ezer, inor, ez da biribila. Errealitateak gaztaroaren sugarrak apaldu dizkigu... Baina ez al da lasaigarria geure egiazko neurriak ezagutzea, onartzea, moldatzea? Ez al da hori benetan eraiki ahal izateko behar dugun oinarria?

«Dena mugitu zen gero gure begien aurrean, eta maiz pentsatu izan dut: Ez ote iragan ederretsia orainaren ukazio, beldurraren amarru?».

Dena dela, urteen poderioz ere ikasi dugu geure muga horiek badirela pittin bat elastikoak: erronka apalagoak baina esanguratsuak gainditzen jarraitu dezakegula bidea, gure borondatearen menpe baino ez dagoela hori. Eta geure esparru txiki horretan ilusioz, pasioz, gozamenez bizitzen eta ekiten saiatuko bagina? Eta edertasun iraunkorra parametro horien arabera neurtuko balitz? Mundu inperfektu honek etengabe jartzen gaitu aukera, ikasturte, denboraldi, sasoi, aro berri baten atarian...

«Urteetan lozorro, orain ziur nago: Noiz izan gara ederrago gaur garena baino? Elurraren sein, taosaren haurride, laket bizi nahiaren adiskide, euriaren hitz guztien maitale naizena izatearen izua gainditu ondoren».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!