Tolosaldeko Giltzarria

Dabilen herria

Erabiltzailearen aurpegia Irene Larraza 2016ko ekainaren 12a

Ekainaren 4a Tolosan. Ez da lan samurra larunbat goiz arruntak eta ezohikoak bereiztea, eragile ezberdinek ekimen eta jarduera bereziak ohiko bilakatu dituzten herri honetan.

Bost argazki. Lur eta udaberri usaina Alondigan, Lore eta Landare Azoka koloretsuan. Euskal Herria Plazan, txotxongiloen mundu mailako erakundearen kongresua eta jaialdia. Errementari Kalean, Gipuzkoako senegaldarren Booloo elkartearen aurkezpen jaia. Bisiguaren Festaren hasiera Zerkausiko goialdean: Tolosa CF-ko eskubaloiko senior taldea eta futboleko neska eta mutilen taldeak omendu dituzte, mailaz igo direlako. Pisu bat beherago, Sormenetik ekimena ontziralekuan, Benito Lertxundiren inguruan eta protagonistaren partaidetzarekin.

Tradizioa zenbateraino den zama, galdetu dio Naroa Anabitartek Lertxundiri.

Jasotako kodeak, bide bertsuak jarraitzearen kontra ezer ez duela erantzun dio Benitok, horrek inor kaltetzen edo zapaltzen ez duen bitartean. Horrengandik bai defendatu behar dugula gure burua, irmo. Edonola ere, benetan hazi eta aurre egin nahi badugu, dio, libreki izan behar du. Nahita nahi ez. «Adimena askea da edo ez adimena; mentalitatea baino ez da». «Sentsibilitateak baino ezin du mundua salbatu». Oriotarraren ondoan, Zerkausipean, Garikoitz G. Murua Axularren «Dabilen harriari goroldiorik ez» marrazten ari da.

Panoramika bat. Aranburu Jauregiko lorategian, eguerdi berean. Gure Esku Dagok bultzatu duen Giltzarria adierazpenaren aurkezpena da, Tolosaldean ere herritarrok nahi dugun etorkizunaren inguruko galdeketa egingo dela iragarri duena; herri bat garela gogorarazi diguna. Aurrera egin daitekeela eta egin beharra dagoela sinesten duten pertsona eta sentsibilitate ezberdinak elkarrekin, adimen librearen panoramika zabal eta anitzean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!