Kontakizun mordoa izaten dugu egunero partekatzeko, eta hortxe ibiltzen gara, nork bere tartea harrapatu nahian. Batera.
Esan beharra daukat guztion artean edukazio onena erakusten duena seme gazteena dela. Gaixoa txintxo demonio egoten da bere txandaren zain, maiz beso bat jasota, beste eskuarekin afaltzen jarraitzen duen bitartean. Eta, gurasook moderatzaile lanetan aritzen garen arren, askotan konturatu gabe txanda-pasa ere egiten diogu, besteen hizketaldietan endredatuta.
Semeak dituen urteak, hamar, Ahotsak mugimendua sortu zenetik bete berri direla jabetu nintzen joan den larunbateko afalostean, Berria egunkaria irakurtzen ari nintzela. Eta gogora etorri zitzaidan 2007ko neguan Amezketarako bidea hartu nueneko arrats hura. Orduan ere moderatzaile kontutan aritzera nindoan baina ez nuen horrenbesteko lanik izan.
Iluna zegoen, elurra ari zuen. Baina Amezketako emakumeek ederki bete zuten herriko plazako gela; izan ere, herriko emakume talde baten ekimenez antolatutako ekitaldia zen. Han bildu ziren EAJko Gema Gonzalez de Txabarri, Batasunako Jone Goirizelaia, EBko Duñike Agirrezabalaga, EAko Onintza Lasa, Aralarreko Aintzane Ezenarro eta PSN alderdiko Ainhoa Aznarez. Ibilbide eta pentsaera oso anitzetakoak, kontrajarriak zenbait kasutan, guztiak Ahotsak plataformako partaide.
Ezberdintasunen gainetik, emakume horiek lan itzela egin zuten zenbait gaien inguruan ados jartzeko, Ahotsak-en agirian jaso eta han azaldu zuten moduan. Laburrean: emakumeen parte-hartzea ezinbestekoa zela eta «bakearen eragile aktibo» izan behar genuela; bakea «eskakizun kolektibo eta lehentasun politiko» gisa definitu behar zela; proiektu politiko guztiak egingarri bilakatzeko «bide politiko eta demokratikoak» erabili behar zirela; euskal herritarren erabakia errespetatu egin behar zela.
Garai oso zailak ziren oraindik ere eta horrelako ausardiaz hitz egiten lehenak izan ziren. Laudorioak jaso zituzten horregatik, baita oztopoak jasan behar izan ere… Baina gaurkotasuna galdu ez duen politika egiteko eredu aitzindari bat eskaini zuten.
Amezketako gaua iluna zen baina gogoan daukat barne distira berezi batez itzuli nintzela etxera, gaur txanda eskatzeko besoa altxatzen duen jaioberriarengana. «Hau da bidea», gogoan. Gauza bera sinesten dut gaur ere. Tortilla banatzen ari naizela batak bestearen ahotsa ez zapaltzea nekez lortzen dudan bitartean.