Prokrastinatzen

Erabiltzailearen aurpegia Irene Larraza 2016ko martxoaren 13a

Klima aldaketa egiazkoa da, orain gertatzen ari da; gizateriak aurrean daukan mehatxurik larriena da, elkarrekin lan egin behar dugu eta prokrastinatzeari utzi...» Leonardo Di Capriok pasa den astean, Oscar Saria jasotzerakoan eman zuen mintzaldian.

Aktoreak bere minuturik loriotsuenean esandakoak zeukan arrazoiaz edo haren oportunismoaz haratago, «procrastinating» hitza gelditu zitzaidan niri iltzatuta. Erdarakeriz euskaratuta are aldrebesago eta erakargarriago, pentsatu zuen prokrastinatzaile xume honek, ezinezko hitzarekin liluratuta.

Gaur, orain, egin behar dugun hori behin eta berriz biharko uztea «geroko gerotan» jardutea, Axularrek esango lukeen bezala: horixe da prokrastinatzea. Itzulpen kaxkarrak nahikoa grafikoki adierazten duen moduan, jardun zitala da: bere bertsiorik pertsonal eta apalenean, alferkeriaz eta plazer intimo punttu batez janzten da; sortzen dituen ondorioak konpongarriak izaten dira normalean, borondate pixka bat izanez gero.

Aldiz, prokrastinatzaileen arduraren maila gora doan heinean bihurrikeria hori ankerkeria ere bilaka daiteke. Seguru asko Leonardok alfonbra gorri bat zapalduko zuen urrezko garaikurraren bila joan zenean. Egun horretan bertan beste alfonbra estu eta luze, oso luze bat jarri zuen aktibista talde batek Bruselako Parlamentuko sarreran. Paperezkoa zen eta metroak eta metroak betetzen zituen zerrenda batek osatzen zuen, goitik behera: Europarako bidean Mediterraneoan hildako errefuxiatu guztien izenen zerrenda zen. Hor ito ez zirenak burokraziak estutu ditu azken hilabeteotan, europar mugen ondoko kanpalekuetan, beti «bihar» etorriko den urratsaren zain. Udaberritik hona Estatu Espainiarrera 18 errefuxiatu baino ez dira iritsi.

ETAk armak uztea, euskal presoak Euskal Herrira ekartzea... ez al gabiltza etxean ere atzo konpondu behar genituen auzi garrantzitsuak alfer-alferrik atzeratzen? Egin dezagun gaur. Gero, gerokoak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!