Urtero entzun behar izaten diot txiste berdina -berak grazia daukala uste duelako deitzen diot «txiste»-, eta urtero koska egin behar izaten diot mingainari, halako egun batean ez dudalako elkarrizketa sakonetan sartzeko gogorik, ez eta eztabaidan hasteko intentziorik.
Garbi daukat ikusmen arazo bat daukala. Berak artalde bat brinkoka ikusten duen tokian, besotik helduta, elkarrekin doan jendea ikusten dut nik. Kolore, adin, pentsaera eta bizimolde desberdinetako pertsonek osatzen dute artzainik behar ez duen jende multzo hori; ederki dakite nora doazen, batera eta era jatorrean disfrutatzea erabaki dutela.
Lepoak hartuta txarangaren deia jarraitzeko, edonorentzat zabalik dagoen deialdian. Nahi izatea da taldekide bilakatzeko baldintza bakarra; ez da entsegurik behar, ez dago bazkideen generoa edo jatorria mugatuko duen jarrerarik, edota ideiak epaituko dituen arau baztertzailerik.
Besotik helduta eta dantzan, modu diskretoan baina tarteka ondokoa gerritik estu helduta ere bai, piezaren arabera. Inauterietako musika bera ere berezko unibertso bat delako, zaindu behar dugun altxorra: ez dago Euskal Herria osoan halako errepertorio zabala, anitza eta bizia daukan beste herririk. Eta jotzaileen artean, zenbat tolosar! Txarangengatik ez balitz, ez lukete sekula musika tresna bat ikasteko eta jotzeko grina hori izango. Horrek ematen duena neurgarria balitz...
Barre egiten du lagun horrek, Tolosara datorren bakoitzean, festak ez direnean ere bai, txaranga bat aurkitzen duelako, eta gu horretaz oso harro agertzen garelako. Orduan ere ez da harago iristen, ez du ikusten txaranga sintoma bat baino ez dela, taupada bat; halako bat topatzen duen bakoitzean ospakizun bat, herritar talde batek bultzatutako ekimen bat egon ohi dela. Eta sareak sortzeko eta mantentzeko gaitasuna duen herri bat urte osoan bizirik dagoen herri bat dela.
Beraz bai, onartzen dut: txarangaren atzean saltoka aritzea gauza xinplea da oso. Tuntuna bezain esanguratsua. Jarrai dezagula luzaroan horren xinple.