Zirkuitua eta denboraren lurrina

Erabiltzailearen aurpegia Irene Larraza 2016ko urtarrilaren 10a

Ederki hasi dugu urtea. Etxeko berogailuaren instalazioa urez elikatzeko giltza hondatu eta zirkuitua bete eta bete egin da gauez, lehertu arte. Azpiko bizilagunaren sukaldeko putzua ikusi behar gure etxekoa nola azaldu zaigun irudikatzeko.

- Ama, lasaaai, zergatik jartzen zara hain urduri?

Teknikaria etorri bitartean, ebidentzia: alperrik da hustu eta hustu aritzea, baldin eta zirkuitua kargatzen duen iturria eteten ez bada. Ura moztea da, jakina, behin-behineko irtenbidea. Uraren sarbideari neurria hartu arte, behintzat.

Ez ote da seinale bat izango?

Bizitzaren osotasuna ezin da kantitatearen arabera neurtu, irakurri dut egunotan Byung-Chul Han korearrak idatzitako Denboraren lurrina liburuan: bizitza azkarrago bizitzeak, gauza gehiago eta gehiago egiteak ez du inolaz ere bizitzari etekin gehiago ateratzen laguntzen. Alderantziz. Patxada ez hartzeak bizitzaren kontzientziaz gozatzea eragozten du.

Perspektiba hartzeko, iradokitzen du egileak, orainaldiaren narratiba gainditu eta iraganari eta etorkizunari ere eskaini behar diegu denbora. Eta elkar entzuteari eta ulertzeari. «Jendea presaka dabil orainaldi batetik bestera. Eta horrela jendea zahartu egiten da, baina heldutasunik gabe».

Presaren garaiak ez du usainik, dio idazleak. Lurrina poliki dastatu behar baita, gaur gure bizitza gobernatzen duten irudiak baino askoz ere mantsoago. Eta usaimena ezinbestekoa da egunerokoan bazter utzitako sentimendu eta esanahiak berreskuratuko baditugu...

- Orduan konponduta dago, ezta ama?

- Oraingoz bai, ez kezkatu.

Eta nire barne-zirkuituaren giltzatxoak eta biok zeharka begiratu diogu elkarri, negoziazioa latza baina emankorra izango dela jakitun. Urte berri on!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!