Artikulu honek festa giroko asteburu baten kronika izan behar zuen. Oskorri taldearen azken kontzertua Zuberoan, Mauleko ikastolaren aldekoa. Erosotasunaren erosotasunez hegoaldetarroi hainbat irrika deskafeinatu zaizkigun honetan, beti da suspergarria beste aldeko euskal erresistentziaren dosi bat gure buruari txertatzea…
Eta bai. Aurkitu genuen espero genuen zirrara lepo betetako frontoi handi hartan. Haurraren hasierako bertsoan; zuzenean azkenekoz entzungo ditugun hamaika abesti kantatzean; gure bizitzako soinu bandan ataltxo bat izango duen taldea «sekulako ta betiko galdu zaitut (Kattalin)» sendo eta aho batez abestuz agurtzerakoan, laugarren aldiz zutituta.
Euskal kulturgintzaren egoerari buruzko hausnarketa kritiko samar bat izateko bokazioa ere bazuen idatzi honek. Kontzertuan, baina, bezperan programan ez zegoen minutu bateko isilune hunkigarria ere bizi izan genuen. Parisko atentatuen biharamunean.
bestela. Aurreko perpausean esan dena bete ezean, bigarren esaldikoa gertatuko dela adierazten duen hitza.
Nola azaldu egoeraren ñabardurak, isilune horretan mutu eta begiak bustita eta zabal-zabal eginda ondoan genituen gure seme-alabei? Nola adierazi Parisen gertatutako astakeria izugarria, higuingarria dela noski, baina mendebaldeko basatiok etxetik urrutiago bultzatutako eta bazter utzitako beste hamaika gehiegikerien ondorio ere badela? Ustez hain zibilizatuak garenok ere grandeur aseezin eta ero baten menpe bizi garela?
Kanta dezagun, hobe. «Geure arima hiltzen uzteko bezain odolgalduak ez gara».
txakostia. Soroen artean oinezkoen pasabidea errazteko jartzen den eskaileratxoa edo zubia, zubereraz.
Hitza frantsesetik dator, eta tresna horrek alde batetik bestera (cette côte) igarotzen laguntzen duela adierazten du. Edonork erabil dezake, eta oztopo baten atzean dagoen lurraldera errazago iristeko balio du; baita handik honuntza etortzeko ere. Horra nik astinduko dudan bandera. Ez urdin-zuri-gorria.