Europako kalkulagailuaren azken eragiketaren araberako 160.000 errefuxiatuetako bat zen, era ofizialean Europan banatutako lehen 19 lagunetako bat. Hasi da banatzea, argi ikus dadila: eritrearrak «photocall» batean kokatu zituzten, aireportuko pistan, Angelino Alfaro Italiako Barne Ministroaren eta Europako beste zenbait ministro eta komisarioen ondoan. Ikus dadila zein txukun eta garbi antolatu dugun dena, eta zein politak eta zibilizatuak diren etorkinak. «Ez ditzala inork espero jendez betetako ikaragarrizko hegazkinak, historiaren beste garai tristeak gogoraraziko dizkigutenak», lasaitu gintuen Alfarok.
Aireportuko eszena hori gertatu baino egun batzuk lehenago, eragile ezberdinen bitartez euren etxeak -edo gela bat, edo ohe bat...- etorkinak hartzeko eskaini zituzten gipuzkoar familiak bildu ziren Donostian, gaia koordinatzeko ardura hartu zuen foru aldundiak deituta. «Erakundeak harro gaude halako sen etikoa erakutsi duen gizarteaz». Taldea anitza zen oso, baina laguntzeko gogoaz aparte, beste sentimendu bat ere partekatzen zuen: haserrea, gizarte zibilak eman behar izan zuelako lehen urratsa; premia, badatorrelako negua eta erreakzioa izugarri mantso datorrelako.
Gurera siriarrak, irakiarrak eta eritrearrak etorriko direla iragarri zieten bileran; azarotik aurrera. Eta oraingoz baliabide publikoak nahikoak izango direla hona datozen familiak teilatupean hartzeko, epe luzera. Hala ere, esan zieten, denon laguntza beharko da integrazio mailan laguntzeko.
Bertan izan ziren partaide askok ezuste handia hartu zuten biharamunean euren buruak egunkari batek argitaratu zuen irudian ikusita, «familia solidarioenak» izenburupean. Inork ez baitzien esan amaitutakoan atera zuten talde-argazkia prentsara igorriko zutenik. Inozoak.
Txalo gure buruari Europako Batasunean 160.000 lagun hartuko ditugulako, errefuxiatuen %85 Siria inguruko herrialdeetan baldintza beldurgarrietan pilatzen den bitartean. Hara ez dituzte argazkilariak eramango.