Gutunak Atlantikoa zeharkatu eta 95 urte geroago, Dave Bieterrek Air Force One hegazkineko eskaileratxoak igo zituen, nork eta Barack Obama AEBetako presidenteak berak gonbidatuta. Halako abagunea sekula izan duen bosgarren alkatea —kasu honetan Boise hirikoa— bilakatu zen. Ederki zekien Obamak zertan ari zen: Bieter 2008ko kanpaina itxierako mitinean Boise Qwest aretoko entzuleria osoa zutitu eta —literalki— «Gora Obama!» oihukatu arazi zuen gizona zen. «Idahoko oihu tipikoa da —esan zien—, euskaraz delako». Obamak garaipen biribila eskuratu zuen.
Diasporako euskaldunen lurraldera zihoan, xuabe, munduko hegazkin esklusiboena. Eta larruzko jarleku erosoan bere aitonaren historia kontatu zion Bieterrek presidenteari: gogor lan egin zuela Lorenzo Garmendia artzainak, herrira itzuli gabe hil zenak; han ezkondu zela, lekeitiar batekin gainera, eta hiru alaben aita izan zela, horietako bat Eloise, bere ama.
Ez dakigu kontatu ote zion Eloise Garmendia ama Boiseko Basque Center eta Museoko sustatzaile izan zela. Eta Pat Bieter aitak, Idahoko Ordezkari Ganberako kideak eta Boise State University-ko irakasleak, atzerriko lehen Euskal Ikasketen programa sortu zuela Oñatin, eta ondorioz hara joan zela urtebetez familia, 1974 urte latzean. Eta denek euskara ikasi zutela.
Pentsatzekoa da ez ziola hari azalduko uda honetan Boiseko 7. Jaialdia jarraitu duten Naroa Elortegi eta Mikel Ibargoien Gazteaukerako blogariei esandakoa, ongi etorri kaxkarra egin ziotela Amezketan, gaztea zela euskara hobetzera etorri zenean. Iritsi berritan, herriko tabernan, bertako andre batek euskalduna izateko eskubiderik ez zuela bota zion, horretarako sufritu egin behar zelako: «Eta zuk ez duzu sufritu». Ez zaio ahaztu.
Eta ziur asko ez zion Obamari aitortuko baduela desio handi-handi bat: hil baino lehen nazionalitate bikoitza izatea, estatubatuarra eta euskalduna. Garaia heltzen denean, ez lehenago. Amerikanuak.