Giltza mordoa dago pilatuta han barruan, berrogeita hamarretik gora esango nuke, garai ezberdinetakoak. Denetarik dago, batzuk ia erabili gabeak, koloretakoak eta guzti; baina zahar itxurakoak dira gehienak, izeba etxe hartan bizi zen garaikoak, seguruenik. Horien misterioa da hain justu gehien maite dudana.
Denak dira niretzat ezezagunak; han eta hemen makina bat proba egin dudan arren, ez dut zein sarrailarekin ezkontzen diren jakiterik lortu. Bikotea herdoildu egingo zitzaien askori, pentsatzen dut, eta beste hainbaten zerrapoak ordezkatu egingo zituzten, itxitura sistema modernoagoen mesedetan. Eta hantxe gelditu dira giltza gaixoak, uztai edo soka eta guzti, poltsa eta patrika goxoen falta sumatzen.
Eta hala ere, gorde egiten ditut giltza horiek guztiak. Elkarri lotuta gainera, giltza-motroilo sendoa osatuz. Pote berean egonda elkar ulertzera eta euren sekretuak batak besteari belarrian kontatzera kondenatuta.
Behin baino gehiagotan galdetu diot nire buruari zergatik gordetzen ote ditudan giltza horiek guztiak salako metalezko pote borobilean, gero eta traketsago bihurtzen ari den mataza pisutsuan. Nire buruari erantzun bakarra emateko gai naiz: barru-barruan, giltza horiek ateak ixteko baino irekitzeko eginak direla sinesten dudala.
Ustea daukat ez naizela tankera horretako sorta bat zaintzen duen bakarra. Eta badira une honetan horrelako giltzak erabilita ate ezberdinak, ate garrantzitsuak, zabaltzeko aukera dutenak. Ondo erabakitzeko unea da. Hortxe daude gakoak, urteen poderioz matazan pixka bat korapilatu badira ere. Baina sarrailari baino, hautatutako atea zabaltzen dutenean azalduko zaien korridoreari erreparatu behar diote bereziki, haren amaieran ikusiko den helmugari. Benetan pentsatu nahi dut nik bezala beste batzuk ere giltzak zabaltzeko eta batzeko eginak direla sinesten dutela eta horretarako baliatuko dituztela, arnas luzeko ibilbide amankomun bati ekiteko ilusioz.