Islandiako sorginen babesean

Erabiltzailearen aurpegia Irene Larraza 2015ko mai. 3a, 10:00

Haizeak zakar jotzen zuen Hólmavik inguruan, Islandiako mendebaldeko Steingrímsfjördur fiordoan. Magnús Rafnsson bere etxeko epelean zegoen ateak jo zuenean. 

Bizilagunen bat izango zela pentsatu zuen, baina ez: atzerritar bi aurkitu zituen etxeko atarian, irribarretsu. Bigarrenez nahastu zen Magnús: ez ziren bertako atrakzio nagusia den Sorginkeriaren Museoari buruzko azalpen bila zetozen turistak, hizkuntzalari bat eta historialari bat baizik.

Viola Miglio eta Xabier Irujo, University of California-ko ikertzailea bata, Renoko Center for Basque Studies-eko zuzendarietako bat bestea, euskal baleazaleen hilketa ikertzen ari ziren: 1615eko irailean, hiru baleontzi donostiar inguru hartan hondoratu ziren, ekaitz baten ondorioz. Biziraun zutenak hainbat taldetan banatu ziren. Bi ontzietako tripulazioak bakean igaro zuen negua; gainontzeko hogeita hamabiak, Ari Magnússon gobernadoreak antolatutako pertsekuzio bortitzaren biktima babesgabeak izan ziren. Gizon bakarra atera zen bizirik sarraskitik.

Ondo ezagutzen zuen Rafnssonek ere gaia, berau ere historialaria. Hark ere buruz zekien Jón Gudmundsson Jakintsuak —idazlea, naturalista, poeta, margolaria eta sorginkeria praktikatzeagatik akusatzen zuten erudituak- 1615ean bertan sortutako testua: islandiarren jokaera kritikatu eta euskaldunak defendatzen zituen, ez baitzuten okerrik egin. Islandiar agintaria merkataritzako monopolioa zeukan Danimarkako Erregearen oniritziaren bila zebilen. Ugariak izan ziren orduan Jón Jakintsuaren beraren aurka idatzi ziren testuak, boterearen aldekoak, azkenik hura jazarri eta erbesteratzera eraman zutenak.

Zazpi urte inguru joan dira egun haizetsu hartatik. Bitartean hainbat unibertsitatek eta erakundek bat egin dute hiru lagun haien grinarekin, eta berriki ikerketak zabaltzea eta areagotzea xede izan duen nazioarteko kongresua antolatu dute, joan den astean Reykjaviken egin zena.

Zazpi urte inguru joan dira egun haizetsu hartan Xabierrek Magnúsi hildako baten ondorengoa zela esan, eta Magnúsek bera hiltzailetako batena zela aitortu zionetik. Pasa den asteko programaren amaieran, berradiskidetze ekitaldi sinboliko bat egin zuten biek Hólmaviken, beharrezkoa ez zen arren: ez dago bi lagun gehiago adiskidetzerik.

Han betirako geldituko den plaka ederrak Jón Jakintsuaren hitzak jasotzen ditu, euskaraz ere bai. Eta oso bistan ez dagoen arren, ondoko harri batean Ægishjálmur sorginen ikurra ikus daiteke, zizelkatuta: Harriduraren Lema esan nahi du, eta buruzagi maltzurren aurka babesteko gaitasuna du. Gida gaitzala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!