Urte oso bat zehazki zeintzuk salbatuko ziren jakin gabe; aspaldiko lankide eta adiskide asko halabeharrez lehiakide bilakatuta, bulegoan partekatzen zuten egutegian gorriz margotutako oposizioen egunari begira.
Ez zuten okerrik egin, ez ziren behargin irregularrak, ezta aldi baterako langileak ere, Lan Eskaintza Publiko baten biktimak baizik. Paradoxa maltzurra. Mugagabe ez-finko gisa kontratatu zituen administrazioak bere garaian, enpresak hala erabakita. Eta lanpostu horiek normaldu behar zituzten, deialdi publiko baten bitartez esleituta. Baina 79 lagun zeuden egoera horretan... eta deialdiak 49 plaza baino ez zituen eskaini. Oposizioak pasata eta azken datuen arabera, EITBko irratietako 60 langile ingururi eragingo die erregulazio txosten horrek; 30 lanpostu galduko dira.
Duela egun batzuk jakin genuen gutxienik ere lau langile gehiago kalera doazela. «Artista» kontratu mota izan zuten iazko ekainera arte; orduan mugagabe ez-finko bilakatu zituzten horiek ere, epai batek enpresa behartuta. Hilabete hauetan adierazi dietenez, data zela eta haien lanpostuak erregulazioaren zerrendatik kanpo zeuden eta ez zituzten ordezkatu behar. Joan den astera arte.
Gizartea izen propio ospetsuak entzuten hasi denean hasi da erreakzionatzen: Fermin Etxegoien, Roge Blasco, Itziar Alduntzin. Eta ez da gutxiagorako; denok geratu gara zur eta lur.
Baina nik, gaur, beste izen-abizen batzuk ditut gogoan; hain ezagunak ez direnez egunkarietan eta change.org plataforman aterako ez direnak; zerrenda triste horren bizkarrezurra osatzen dutenak. Eta ez lagunak direlako, zorionez hainbat adiskide baditut ere. Izen horietako batzuen atzean ere badirelako asko miresten ditudan profesionalak, elkarlanean aritutakoan edo lankide izan ditudanean izugarri irakatsi eta gozarazi didatenak. Lana pasioz eta jakin-minez egiten ikusi, entzun eta sentitu ditudanak, talentua, eskarmentua eta urteetako jakinduria entzuleei -eta erakundeari- eskainiz. Legalitateak, arrazoi ekonomikoek eta antolakuntza arlokoek ez dituzte parametro horiek neurtu, antza. Baina ez da harritzekoa: esker onik jaso ez duen ezagutza hori neurtezina da. Galeraren tamaina berekoa.