Inauteriak 2015. Prestaketak

Nire mozorroaren peluka defendatuko dut

Erabiltzailearen aurpegia Irene Larraza 2015ko ots. 6a, 11:45

Euria ari du, kazkabarra, elurra ere bai. Badira egun batzuk eguraldiaren iragarpenaren xehetasunak buruz ikasi ditugula, eta geroago goizero berrikusi: «Horrelaxe geratu dadila, non sinatu behar da?» gure buruari, aurreikuspena txukuna denean. «Errazagoa da hotzari aurre egitea euriari baino», diote okindegian. 

Entseguak; eskulanak; azken ukituak plataformari, edo azken aurrekoak. Txapelak, gonak, betaurrekoak, berokiak, kapak, leotardoak, margolak, kaskoak, biboteak, barruko kamisetak. Non demontre dago peluka berri hura? Igandekoa... asteartekoa. Uf, hau zakarretara; beste hau dianarako. Haurraren iazko jantzia?? Eeez, txikia geratu zaio! Zezenetako sarrerak begi-bistan, ez ahazteko. Ta balkoia apaintzeko telak... mantelen armairuan?

Santa Maria parrokiko kanpandorretik Galtzaundi-ren doinuak bederatzietan. Eta kalean jendea traste xelebreak garraiatzen, barrabaskeria txikitan ariko balira bezala. «Ez esan osabari zertaz atera behar dugun, sorpresa izan dadila (aurten bai flipatuko dutela)». «Hiru gehiago igandean afaltzeko; sartuko dira, ezta?», apuratuta. «Ai ama, ez dut gripea pasa. Propoleoa hartuko dut?».

Buruhauste gehiegitxo, pentsatuko du inauterien zoramenetik at bizitzeko hautua egin duenak, logika zintzoki jarraituz. Baina zer egingo diogu ba, beste batzuk behar-beharrezkoa dugu datorkigun zurrunbilo hori. Itxuraldatu egingo garelako? Hori bakarrik ez: urtean behin gure eta besteen gatzaz, musikaz, dantzaz, lotsagabekeriaz erabat janzteko irrika dugulako. Aukerako mozorroa -luze landutakoa, korrikalaria zein betiko txantxoa, berdin da!- jolasteko aitzakia baino ez delako, nork bere txapela umoretsu defendatuz gozatu eta gozarazteko. Bizirik gaudela ospatzeko, baita gurekin ez dauden horien omenez ere.

Eta ikasi dugulako giro horretan edozer gerta daitekeela. Estualdia sentsualitate bilakatzeraino. Literalki: kontrolpean nahi gaituen troika aspergarri hori Troika bilakatuko da Tolosan laster. Eta pieza ederraren sorginkeriaz berriz ere adiskideak zein ezezagunak gerritik helduko ditugu eta kale erdian dantzan hasiko gara bi mozorroen arteko ezinezko nahasketan, zorabialdi suspergarrian, bihurri bezain sano: inauterizale peto. «Dantzan hasitakoan / dantzan hasitakoan / nahiz ta gorriak ikusi / ez zara gorritzen / txantxo azpian». Bejondeigula!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!