Hala bazan

Erabiltzailearen aurpegia Irene Larraza 2015ko urt. 11a, 12:00

Amona Joaquinaren eta attona Joxeren etxetik Oria ibaia entzuten zen. Ez dakit zenbat aldiz geldituko nintzen etxe hartan haiekin lotan, ezta zenbateraino diren fidagarriak haurtzaroko oroitzapenak, baina oso gogoan daukat soinu hura. Nabarmen aditzen zen ur-emaria beheruntz igarotzen Solana kalea aldera jotzen zuen gela dotore hartatik, gauez. Amonak ohean jarritako manten -hiru, lau?- pisua ere garbi senti dezaket oraindik: nola harrapatzen ninduten leporaino, poltsa bero baten epelean, ezin mugiturik, mugitzeko inongo intentziorik gabe ere ez, beso abandonatuak gorputzari pega eginda luze, ezker-eskuin.

Kontuak esaten zizkidan orduan amonak, loak har nintzan, ohe gainean eserita. Esaten zizkidanak ez ditut zehazki gogoratzen. Kontakizun zaharrak izango ziren batzuk ziur aski, Ordizia edo Zaldibia aldeko familiako kontuak beste batzuk. Nik adi entzuten nituen denak, hori badakit, sobrekama kokotsean, gorputza bero, sudurra hotz. «Hala bazan ez bazan...» Eta amaitutakoan, lokartzeko zorian, sei bat urteko nintzen haurrak galdera bera zeukan beti: «baina amona, hau zer izan da ipuina ala benetako istorioa?».

Urte mordoxka bat geroago galdera bera dut ezpainetan. Igorleari, testuinguruari, kanalari zuhurtziaz erreparatzen diot erantzun bila, eta tarteka irudipena daukat ez dela horren zaila kontatzen ari zizkigunaren tranpa non dagoen atzematea. Maiz bistakoa da esan ez diguten horretan, falta den argazkian, elkarrizketatu ez dutenaren diskurtsoan datzala gakoa…

Ez da hain zaila... ala bada. Kontaketak eraikitzen profesionalak diren horiek traineru pare bat aurretik doaz beti. Bada gurean egunkari bat Kultura atalari «Culturas» deitu diona mugikorrarekin irakurtzeko aplikazioan; ez dut uste akatsa denik. Kontzeptua interesgarria litzateke zintzoa balitz: aitzakia ederra da kanpoko agentzien bidez jasotako mainstream kategoriko kontuak era erosoan zabaltzeko, hemen garen horrek mereziko lukeen tokia eta arreta hartuta.

Gaur egun ere garbi entzun dezaket ibaiaren korrontea etxetik. Ez dago melodia hoberik urte berri baten atarian nor bere tokian jartzeko; txikiak eta behin-behinekoak garela baina era berean adi-adi bizitzea gure esku dagoela gogorarazteko. «Egia ala gezurra, begi bien artean sudurra». Amonaren erantzun iheskorrek ez zidaten sekula argitzen kontatu zidana asmatutakoa edo egiazko gertakaria ote zen. Eta asko eskertzen diot, usainmena txikitatik lantzen lagundu zidalako, hau bai, zalantzarik gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!