Konspirazioa

Erabiltzailearen aurpegia Irene Larraza 2014ko azaroaren 30a

Hamar urteko bidaiaren ostean, azaroaren 12an ESA Europako Espazio Agentziako Rosetta ontziak Philae ikerketako zunda bidali zuen 67P/Txuriomov-Gerasimenko kometara. “Urrats handi bat giza zibilizazioarentzat”. Kometaratzerakoan izandako arazoen ondorioz oker samar kokatu zen arren, datu garrantzitsuak bidaltzen hasi zen. Azaroaren 14an, baina, gelditu egin zen: bateria agortu zitzaion, azken egunetan eguzki izpirik jaso ez zuelako. "Atseden egoeran" dago geroztik.

Maite ditut konspirazio teoriak; interesgarriak dira askotan, maiz inspiratzaileak. UFOSightingsDaily.com gunearen arabera, Rosetta egitasmoa ESA eta NASA agentzien misio sekretu baten hasiera baino ez da. Scott Waring artikuluaren sinatzaileak dio kometa hori ikerketarako modulu estralurtar bat dela, mozorrotuta. Teoriak badu oinarri zientifiko bat: ESAk konfirmatu duenez, kometa honek uhin misteriotsu bat igortzen du, eremu magnetikoan fluktuazioak eragiten dituena. Waringen iritziz, “estralurtarren saiakerak gizakiekin harremanetan jartzeko”. Eta misio sekretua, “gizakiaren haiekin komunikatzeko lehen saiakera”.

Aspaldian hartu nuen serio Bernardo Atxagaren abisua: mundua ulertzeko bide poetiko-imajinatiboak behar bezala ez lantzeak kalte handiak ekar ditzakeela. Bide horrek arima, psikea, barnea zaintzen dituela, eta eremu horretan bide zientifiko-materialistaren arloko hizkerek ez dutela zereginik, ez eta iraupen eraginkorrik. Alde ederrean. Lagun baten heriotzan Gilgameshek idatzi zuen poemak, adibidez, -historiako narrazio idatzirik zaharrentzat jotzen denak- zirrara sortzen du oraindik ere. Idatzi eta lau mila urte geroago.

Horregatik, nire konspirazio teoria poetiko propioaren arabera, gutxi iraungo du kometak. Badagoelako Europako Espazio Agentzian zientzialari isil bat, zundak kometarekin komunikatzeko emitituko dituen uhinak programatzeko ardura duena. Elkar esploratzeko hizkuntzarik eraginkorrena edertasuna dela sinesten duena. Eta Philae gehien maite duen musikaz jantzi zuena, kontu handiz, kometaren azalean betirako pausatzera bidali aurretik. Nola ez ditu ba doinu horiek ulertuko ahopean abesten duen izarren hautsak? Aste batzuk pasata, eguzkira gehiegi hurbildu direlako desegin direla kontatuko dio historiari bertsio ofizialak, datu eta koordenatu ugari emanez. Baina nik badakit ez dutela hainbeste gerturatu beharrik izango. Piano baten taupaden dardaran urtuko direla, leun, oso-oso poliki, unibertsoaren gau beltzean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!