Bost egun

Erabiltzailearen aurpegia Irene Larraza 2014ko urr. 5a, 12:00

Imajina ezazu halako batean Bremendik datozen bi ezezagun agertu zaizkizula lantokian, bulegoan edo ikasgelan, eta bost egun ematen dizkizutela koreografia bat prestatu eta taularatzeko; eta ez zuri bakarrik, baizik eta zure lan-talde osoari. Besterik gabe. Ez dizute galdetu nahi ote duzun edota dantzan ba ote dakizun; sinpleki, dantzan ikasi, ikuskizun bat prestatu eta egiazko eszenatoki baten gainean eta jende aurrean taularatu behar duzula iragarri dizute, presta zaitezen. Astelehena da: bost egunez gainontzeko lanak utziko dituzu eta dantzan emango duzu astea, nahitaez. Jar zaitez eroso.  
Ez da txantxa. Egizu kontu bi lagun zoro horiek ez direla edonor:  Wilfried Van Poppel eta Amaia Lubeigt koreografoak direla, herbeheretarra bata, euskalduna bestea. Biak ala biak Pina Bausch, Susanne Linke, Royston Maldoom edo Urs Dietrich nazioarte mailako puntako koreografoekin lana  egindakoak, orain soilik antzerki-dantzaren munduan buru-belarri bizi badira ere. Sekula dantzan aritu ez den jendeari zuzendutako egitasmo ausartean murgilduta, zehatzago.
Irudika ezazu bikote honek astero botatzen duela bost egunetako erronka hori, Alemanian eta Herbeheretan normalki, baina oraingo honetan Amaiak bere jaioterrira itzultzea erabaki duela eta, hara, zuri egokitu zaizula esperimentuaren protagonista bilakatzea. Ez dago kamera ezkuturik, ez zaude izar bila dabilen telebistako saio baten erdian; egin behar duzu, eta kito.
Ataka horretan ikusi zuten euren burua iaz Donostiako Larramendi Ikastetxeko DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek. Ihes egiteko aukerarik gabe, bost egun eman zizkieten elkarrekin dantza egiten ikasteko. Astebete, ordura arte eraiki zituzten aurrezarritako gizarte-rolak apurtzeko: lotsa galtzeko, ezezagunengana hurbiltzeko, elkar ukitzeko, elkar eusteko, besteekiko begirada aldatzeko, denen ahotsa entzun eta kontuan hartzeko. Bost egun horietan ikuskizun ezin ederrago bat ontzeko gai izan ziren, bai. Baina han bene-benetan gertatu zenak dantzaren eremua gainditu zuen: gazte horiek gizartea beste lengoaia baten arabera ulertzeko aukera pribilegiatua izan zuten.
Hasperenka nabil abentura hunkigarri hura jaso duen Five days to dance dokumental bikaina ikusi nuenetik. Datozela bueltan Wilfried eta Amaia, mesedez. Doazela bizkor auzitegietara, erakundeetara, lantokietara, sar daitezela sukalderaino. Bost egun baino ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!