Bigarren irudia. El Diario Vasco, 2014/05/20. «Donostiako Getaria, San Marcial, Bergara eta Arrasate kaleen arteko etxadian Kutxak duen egoitzan egiteko asmoa duten merkataritza gune berriak 4.500 metro karratuko azalera izango du, San Martineko Zara (4.200 m2) denda berriak duena baino handiagoa. Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalaren egoitza zena erosi duten inbertitzaileek apustu indartsua egin dute hiriaren aukera komertzialen alde. Izan ere, inguru horretan lokal gehiago erosten ahalegintzen ari dira, haien inbertsioa errentagarria izango dela konbentzituta baitaude. Inditex taldeak aurrera jarraitzen du bere lokalen berrantolatze lanetan, eta honezkero hiru lokal berri ziurtatu ditu merkataritza gune berrian. Bere zuzeneko lehiakideak ere ez dira atzean geratuko. Mango eta H&M etxeek ere interesa azaldu dute lokal hauekiko, baina Getaria kaleko eraikinak ezin ditu haien espazio beharrak bete».
Hirugarren irudia. Pantailan, Sra Polaroiska arte kolektibo euskaldunaren Pilota Girls ikus-entzunezkoa. Bilboko erdiguneko kale bat. Elastiko gorriz eta galtza bakeroz jantzitako neska batek frontoiko pilota bat du eskutan. Bote egiten hasi da, eta hormaren kontra bota du. Etorbide nagusietako paretetan hasi da pilotan, indarrez, kementsu. Baina zenbat horma daude hiriko zentroan? Azalera handienak banketxeen eta denda kate handien erakusleihoek betetzen dituzte. Tentagarria benetan...
Pilota Girls Londresen izango da ikusgai datorren astean —eta geroago Amerikako herrialde ezberdinetan—, euskal bideo-arte garaikidearen erakusgarri diren zazpi lan gehiagorekin batera, GAUR (sic) bildumaren baitan. Emakumeen inguruko estereotipoak hausteaz gain, ikus-entzunezko honek «mundu mailako eta tokiko inguruneko elkarrizketa» irudikatu nahi duela diote Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe sortzaileek. Probokatzaile deitu diete. Hara.