20 urte beranduago Comic Sans inoizko tipografia eztabaidatuena eta gorrotatuena dela esan daiteke. Hamaika letra mota bikain sortu dira bitarte honetan, baina asko dira —eta ikaragarri tematiak— tipografia informal hori ez dagokion testuinguruan erabiltzen jarraitzen dutenak. Arazoa, jakina, ez da letra bera, haren erabilera baizik. Anbulatorio bateko ohar batean, esaterako; edo enpresaren kaleratze gutunean... Vatikanoak eta guzti erabili izan du, gaizki! Era horretara idatzita edozein testuk txantxa dirudi. Akasdun eta popularra, halakoxea da Comic Sans.
Okerrena da gure Comic komikoak eskas dabilela baita ere marrazkilariaren idazkera islatze lanetan. Kaligrafian oinarritutako tipografia guztiei gauza bera gertatzen zaie: eskuzko keinua estandarizatu nahi dute, baina ez dago idazten ari den pertsona baten izaera, kultura, sentsazioak era mekanizatuan erreproduzitzerik.
Ez dut inoiz Comic Sans erabili; ez zait sekula gustatu izan, batere. Baina izan duen arrakasta eta erabilera handia —baldarra izan arren eta kritikak kritika— ukaezina da. Hori du masak, trakestasunak ez duela batere axola, modaren edo errazkeriaren mesedetan adoptatzen bada.
Pasa den astean irakurri nuen albistea: Craig Rozynski diseinatzaileak itxura berri bat asmatu du Comic Sans-entzat: finagoa, kurba gutxiagorekin, eta irakurterrazagoa. Sortzailearen arabera «letra bakoitzak izango duen perfekzioa» da tipografia berriaren ezaugarri nagusia: orekatuagoa da, bertikala erabat bertikala da, eta borobilak konpasarekin eginda dirudite. Bale. Dokumentu formaletarako aurretik sortu diren hainbeste letra moten antzera. Eta orain bai, orain heldu zaio behin betiko triskantza arrakastak akabatu ez duen Sans gaixoari. Komikien bunbuiloak osatzeko sortu zuten ahots ameslari hura, 20 urtetan inoiz entzun ez dugun hura, kirurgia estetikoaren bitartez akabatzeko zorian daude.
A, tipografia berriak Comic Neue du izena. Alemanez, natürlich.