Jose Ramon Etxebarria fisikari euskaldunak, irainduta, erantzutea erabaki zuen. «Bi gauza» baino ez zirela behar horretarako, esan zion: «Euskaraz hitz egitea eta Fisika Nuklearra jakitea». Lankide Aurrezkia —orain Laboral Kutxa dena— bizkor ibili zen eta publizitate kanpaina xelebre batean erabili zuen pasadizoa, hainbat lagunek pasa den astean sarean gogoratu eta Sustatuko albistegiak jaso zuen bezala.
Urte dezente ondoren ikaragarria da gure hizkuntza gaurkotzeko eta esparru guztietara zabaltzeko egindako lana, eta zinez eskertzekoa. Baina jarrera batzuk ez dira hainbeste aldatu...
Ez nuke irribarrea galdu nahi, ordea. Irribarrerik gozoena besteen nagusitasun-konplexuaren aurrean; ez dakit estrategia eraginkorra ote den baina niri on egiten dit. Eta, hara non, Suarezen elkarrizketak erromatar legionarioarena ekarri dit gogora.
Askoz ere lehenago gertatu zen, Kristo ondorengo 69. urtean, zehazki. Hala idatzi zuen behintzat Patxo Telleriak, pasa den astean Lingua Navajorum lanari esker Donostia Antzerki Saria jaso zuenak. Asko laburtuz:
II. Cohors Vasconum Civium Romanorum-en kanpalekua, Novesion (gaur Neuss, Rhin Beherea). Vocula zenturioia haserre dago, ulergaitza zaion eskuizkribu bat aurkitu duelako. Berea dela onartuko dio Beltesonis legionarioak: Germaniako gerren historia «linguae vasconum» bere ama hizkuntzan idatzi nahi duela, gisako lehenengo idazkia izango dela, gainera! Bi hilabete eman ditu gaixoak lehen lau eleak idazteko, «longa et ardua res est», bere hizkuntzako hitzak basatiak direlako oraindik: banan-banan ehizatu behar ditu eta, gero, otzandu. Zenturioia barrez lehertu da: «Et si vis consilium admittere, lingua cum futuro scribe. Scribe latine!» (Aholku bat onartzen badidazu, etorkizuna duen hizkuntza batean idatz ezazu. Idatz ezazu latinez!). Eta legionarioak orduan: «Et cur tu, domne, credis linguam tuam perduraturam magis quam meam?» (Zergatik uste duzu, baina, zure hizkuntzak nireak baino gehiago iraungo duela?).