Txirikordak

Erabiltzailearen aurpegia Irene Larraza 2014ko mar. 7a, 12:43

Kezkatuta etorri zitzaidan lagun bat lehengoan. Kezkatuta eta amorrazio punttu batekin, ez zetorrelako bat adiskide bati entzundako iritzi batekin, eta ez zuelako hari bere argumentuak behar bezala adierazten asmatu.

Musikari bat zuten hizpide. Zalantzarik gabe ekarpen handia egin duen eta jarraitzaile ugari dituen kantari bat, euskal musikaren historian berezko tokia irabazita daukan gutxi horietako bat. Adiskideak zioenez, haren lana neurriz gain dimentsionatu da; bere ustez, ez du zentzurik musikari horrek zapatari batek baino aitorpen handiagoa jasotzea.

Ez al dago ezer gehiago -erantzun zion nire lagunak- abesti batek sortzen dizun emozio horretan? Eta gogora ekarri zuen euskal politikari haren heriotza, bere bizitzaren azken minutuetan aurikularrak eskatu zituena, bere abeslari kuttunaren kantu bat behin eta berriz entzun ahal izateko, bakean, goxo, azken hatsa iritsi bitartean. Ezetz, besteak, horrek ez duela esanahi berezirik.

Geroztik jirabiraka dabilkio gaia lagunari, jai giroaren erdian ez baitzuen eztabaida luzatu nahi izan. Baina argudioak josten dihardu orduz geroztik… Artea zer den eta nor den artista (eta nor ez). Ez da gaur-gaurko zalantza, eta askotariko erantzunak aurkitu ditu. Cesar Lorenzano filosofia katedradunak La estructura psicosocial del arte liburuan jasotako definizioa kopiatu du, esaterako: artistak «bere burua ezagutzen du, jokoaren plazera berreskuratzen du, unibertso propioa eraikitzen du, neurtuta edukitako emozioak azaleratzea eta kontrolatzea lortzen du, eta objektu berri bat sortzen du».

Bai: adiskide horri pittin bat irakurtzeko baino ez dio iradoki behar, on egingo dio. Eskuak erabilita lan egiten duena langilea dela; eskuez eta buruaz baliatzen dena, artisaua; eta artista, eskuak, burua eta bere inguruan eragiteko kontzientziarekin sortzen duena. Eta asmatzen duen horrek besteon bizitza eraldatzeko ahalmena duela —edertasuna dela, sentimenduak gogorarazteko gaitasuna dela, hausnarketa edo probokazioa direla—, halako batean gure bizitzarekin txirikordatzen denean. Eta horrek berebiziko garrantzia duela gure identitatean, bestelako ohitura, balore eta jarrerekin batera. Eta guk ere ardura dugula —hori ere aipatuko dio, ziur—, ardura handia, gure kultura horren transmisioan.

Ados nagoela eta ondo ari dela esan diot, animatu nahian. Nik, behinik behin, garbi daukadala: inauterietako habanera batekin eman nahiko nukeela azken arnasa, begiak itxita, maite ditudanekin dantzan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!