Harrituko zarete akaso, baina nor ausartzen da horri ezjakintasuna deitzera? Baietz esango dute futbol taldeen izen gehiago ezagutzen dituztenak, zuhaitzen izenak baino. Baietz esango dute telebista saioen izen gehiago ezagutzen dituztenak, landareen izenak baino. Landareak ezagutzeak izena jakitearekin zerikusia izango balu bezala... Baina nonbaitetik hasi behar, ezta? Hau pentsatu nuen egun batean, autobus batean nindoala». Hiru aldiz irakurri nuen testu hau urtarrileko arratsalde batean, Aranburu Jauregian, Pablo Delcielo txiletar artistaren lan batean. Esto es TVida erakusketan.
Egun berean Iñigo Astizen Irakurlea irakurtzen artikulua kaleratu zuen Berria egunkariak, Harkaitz Zubiri idazle eta soziologoak UEUko Uztaro aldizkarirako egindako euskarazko literaturari buruzko azterketaz. Baikorra da: 15.000-20.000 irakurle sutsu dituela ondorioztatu du (!) -Karlos Linazasorok bereak 35 baino ez direla badio ere-. Baina gauzak hobeto egin daitezkeela dio.
Hobetzeko hiru alor zaindu behar dira, bere ustez -eta oro har euskal kulturgintzarako balio duela esango nuke-. Lehenik, hezkuntza: zaletasuna lantzea -«Kontua ez da idazlerik onenen izenak ikastea garai batean errege godoak ikasten zituzten bezala. Ikasleen artean zaletasuna pizteak behar luke helburua»-. Bigarrenik, hedabide publikoen ardura. Horixe: posible ote euskal komunikabide asko -adibidez- Miley Cyrusen txorakerien berri astero jasotzea eta -adibidez- mundu mailan txalotzen ari diren euskal antzerki konpainia bat aintzakotzat ez hartzea? Eta hirugarrenik, fokua: egilearen figura publikoari bere lanari baino gehiago erreparatzen diogula salatzen du ikerlariak.
Hobe da gure sortzaileen izenak ezagutzea ez ezagutzea baino, bai. Nonbaitetik hasi behar, ezta Delcielo? Baina guk, benetan, zer kontsumitzen dugu?
Euskal artistek, hala ere, lanean darraite. Zer krisi? Haiek ez dira sekula beren sorkuntzaz bizi izan, profesionalak izanagatik. Haien lanari etekina ateratzen dion kultur industria lanpetuta dabil, bere burua salbatzen. Erakundeak sustatzaile behar duten eta hilero soldata etxera daramaten -daramagun- kultur teknikari eta kudeatzailez beteta daude... baina nolako baliabide eta aurrekontuekin?
Eta bitartean denok Ronaldoren malkoei begira.