Rankinga

Erabiltzailearen aurpegia Irene Larraza 2014ko urt. 3a, 15:11
Genero desberdintasuna -familian, lan arloan, gizartean- denborarekin konponduko dela sinestarazi nahi digute: etorri, etorriko dela, pazientzia kontua dela. Gizarteak “naturalki” emango dituela urratsak, belaunaldi aldaketak lagun. Nik ez dut halakorik sinesten, ordea. Horrelako aldakuntzak ez dira sekula espontaneoak, hausnarketaren eta lanketa kontzientearen ondorio baizik. Eta bitartean, gaiarekin kezkatuta gaudenok ere nahikoa lan daukagu koherentziari eusteko.

Hasteko, emakumeok gara beste emakumeen epaile gogorrenak. Amatasuna adibidetzat hartuta, umore pittin batekin.

Nor da patioko edo parkeko guraso popularrena, merienda banatzen duenean irribarre goxoenak jasotzen dituena? “Gustua ematen du, zeinen ondo moldatzen den umeekin!”. Ez, ez da amatxo bat, gehiengo zabala osatzen duten arren. Eta gure super-heroiaren bikotea -emakumezkoa, adibide honetan- pribilegiatu bat da denen begietan. Ez dakigu zein diren bitartean bete behar dituen bestelako ardurak edota nola banatzen dituen lanak bere seme-alaben aitarekin, baina berdin zaigu: pagotxa ederra dauka!

Eta haurren bila doana zaintzaile bat denean? Baietz, denok errespetatzen ditugu besteen erabakiak, eta nor ahal duen modura moldatzen da. ”Baina horrela bai ekarri daitezkeela umeak!”. Eta ama horrek puntuak galtzen ditu automatikoki.

Zer esanik ez, amatxori bere kasa kirola egitea edota lagunekin afaltzea eta buelta bat ematea bururatzen zaionean. Zenbat aldiz entzun beharko du galdera bera, maiz beste ama batengandik: “Eta haurrak?” Eta plana bikotearekin batera egiteko ausardia izango balu? “Qué, ¿de parejita?”. (Bide batez, eskupeko xume baten truke larunbatean haurrak zaintzeko prest dagoen nerabe mordoa ezagutzen dudala jakinarazten dizuet, badaezpada ere).

Betiko gidoitik ateratzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, baina era berean errudun sentitzen gara: errudun bularra emateari uzten diogunean, ikastolako bilerara, haurraren partidura edo kontzertura iritsi ez garelako. Errudun etxea txukundu gabe badago, bestelako konpromisoak onartzen ditugunean edo guretzako tarte bat hartzerakoan. Errudun ez garelako ezinbestekoak seme-alabentzat 24 orduz. Eta ez, ez da gai genetikoa, heziketa kontua baizik.

Hau guztia amatxoen ranking ofizialean toki kaskarra betetzen dudalako idatzi dudala, nire burua zuritzeko? Jakina! Neu ere ez nau aldaketa “natural” horrek betean harrapatu nonbait. Eta hala ere gure seme-alabek nigandik behar duten guztia jasotzen dutela sinisten dut, bene-benetan. Amatasun berri on!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!