Betaurrekoak

Erabiltzailearen aurpegia Irene Larraza 2013ko abenduaren 6a

«... mesedez, ez utzi ezer trenean ahaztuta». Donostiako Geltokira iritsi gara, goizero legez. Arrapaladan jaitsi gara trenetik, lanera edo ikastera korrika joateko; autobus geltoki berriko lanak direla eta gaur ere gure betiko ibilbidea pittin bat aldatu beharko dugu. Maria Kristina zubira goazenok zuzenean ezkerrera jotzeko bulkadari aurre egin beharko diogu. Ez: orain eskuin aldean dagoen zebra-bidetik pasa behar da, nahita nahi ez.

Bide berriak gehixeago ibili beharra esan nahi du, eta hori du interesgarri. Orain erabaki koxkor batzuk hartu behar ditugu, eta akaso zilegi da semaforoa gorrian dagoela ahaztea; edo errepidetik abiatzea; edo bidegorritik oinez joatea. Presaka gabiltza, badakizue.

Asteak joan asteak etorri, nor nondik joango den asmatzen saiatzen hasita nago. Hori eta jendearen bideak mentalki marrazten, Maider Lopez artista donostiarrak Istanbulgo Arte Biurtekoan egindako lan bikainaren ildoa jarraituz. Eta niretzako gordetzen ditudan arkitektura berriak zabaltzen zaizkit begien aurrean, goizero.
Orduan kalea beste era batera eraikitzen laguntzen diguten ekimen artistikoak datozkit gogora. Herria itxuraldatzeaz gain, leku publikoa beste era batera sentitzeko eta hausnartzeko aukera ematen diguten ekintzak. Kalean ere emakumeok askatasun gutxiagorekin eta beldur gehiagorekin bizi garela azaleratzea helburu dutenak. Box.A taldeko gazteen bide anitzak. Eta, bereziki, Tolosako Alde Zaharrari taupada berri bat ekarri dion GKo Gallery-k sustatzen dituen ekimenak: hain dira xumeak itxuraz, baina edukiz handiak. «Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten». Artze, Berdura Plazan irakurria. Kaleko artea transmisioaren eta parte-hartzearen sustatzaile, berdintasunaren aldeko eszenatoki, gizarte berritzaile baten abiapuntu. Mundua betaurreko berriekin begiratzen irakatsiko diguten teknika eraldatzaileak.

Horrelakoetan erreparatu gabe bizi daiteke, noski. Eta pobreago. Lasai biziko al da New Yorkeko 5Pointz izeneko eraikin harrigarria, kultura garaikidearen altxorra, hura bota ez dezaten mundu mailako oihua isilarazteko goitik behera zuritzeko agindua eman duena?

«Hurrengo geltokia: Tolosa Erdia». Apeaderoaren pareko zulo handi batean ere lanak egiten aritu dira, eta pasabide jostalari batek dantzan ibili gaitu tarte batean. Gutxi falta zaie bukatzeko, lasaitu nau ezagun batek. Bai, laster bukatuko dituzte konponketak eta berriz ere bide guztiak espero bezala aurkituko ditugu, ai ene, zuzen-zuzen joan gaitezen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!