Aitortuko dut: ni ere iPhone baten jabe naiz. Duela hiru urte eskas sartu nintzen smartphone pijoenaren orbitan -bigarren eskukoa erosita, nire burua zuritzeko- eta zer arraio, maite dut. Bizkorra da, erabilterraza, atsegina. Ez zaizkio zenbakiak edo urtebetetzeak ahazten. Eta aplikazioak bikainak dira: albisteak irakurtzen ditut lanerako bidean, senitartekoekin eta lagunekin harremanetan nago -emotikoiak lagun-, eta lanerako balio didate. Nire argazki zozoak liluragarri bilakatzen ditu, eta tarteka mezu sasi-intelektualak banatzeko beharra asetzen uzten dit, gizateriaren mesedetan. Datsegit. Teknopata arina naizela uste dut.
Gogor borrokatu behar izaten dut «Gravity» sindromearen aurka, noski. «Erabilera da gakoa», nerabeen gurasoon mantra. Egunero trenez eta oinez egiten ditudan tarteak baliatzen ditut jostailutxoarekin aritzeko. Eta etxean begi-bistatik at uzten dut, gelan zokoratuta, nahi dudanean, eta nahi badut, erantzuteko. Lagunek sistema ulertu dutelakoan nago; ez zait inor kexatu, behintzat.
Hala ere, Joxe Rojas blogariak esango lukeen modura, «bizi nauen friki» hori arrastoan sartzeko bide onenak, niretzako, nekea eta auzo-lotsa dira. Nahikoa pantaila eta hedapen saltsa izaten dut lanean bestela ere; dosia gaindituta etxeratzen naiz gehienetan. Eta sareak izan nahi ez dudanaren erreferentzia eskaintzen dit maiz: intimitatea dela, profil ederrena edonola azaltzeko beharra dela... Neurria, seme.
Eta gero ernegatzen nauten horiek daude. Mezu kate nekagarriak WhatsApp-era egin dute salto eta, gezurra badirudi ere, bizirik darraite. Ezetz, ez direla haurrak bahitzen saiatu Irurtzunen eta Donostian; ez dagoela odol emaileen bila dabilen haurrik Valentzian -zer eta AB odol mota daukalako, hartzaile unibertsalarena-. Asmatu duenaren plazerrerako, zarata sortzeko edo datuak «oparitzeko» baino ez dutela balio! Pena bat daukat, ordea. WhatsApp-en erantzuna bizkor ez jasotzeak eragindako jeloskortasunak 28 milioi bikote banandu dituela zabaldu zen; hori ere gezurra. Lastima: konfiantza mezutxotan neurtzen duen jendilajea detektatu eta urrun bidaltzeko tresna bikaina zela iruditu zitzaidan. Hori bai aplikazioa.