Bi metro baietz! Altzairuzko haga luze eta punta zorrotzekoak baliatuz kareharria jotzen aritu ziren gure eskualdeko harri-zula-tzaileak, ordu eta erdiz, Tolosako Kilometroetan. Haitzaren kontra eta euskararen alde; inoiz jokatu gabeko desafioa, egundokoa.
Urriaren 6ak bestelako kopuruak ere utzi zizkigun noski, askoz ere ikusgarriagoak: 2.500 boluntario, hurbildu zen jende-tza, Erronka proba arrakastatsuaren jarrai-tzaileak, ikuskizunen eskaintza anitza (eta bertakoa gehienbat, nola eskertu!)… Baita prentsan agertuko ez diren lan zenbakaitzak ere: txosnetan, salmentan, segurtasunean, zirkuituan, trafikoan, garbiketan, osasun arretan, muntaketan, giza-baliabideetan, ekonomian, komunikabideetan, protokoloan…
Bi metro. Horiexek geratu zaizkit niri buruan dantzan, ordea. Festa honen balioa milaka kolpe txikitan neurtu beharko genukeelako. Lehiarik gabe eta helburu bakarraren alde jotako zartada irmoetan; dinbi. Zereginez betetako urtean emandako urrats kontaezinetan; danba. Orduak eta orduak, musu-truk, inoizko ikastolen festarik handiena on-tzeko. Lagun arteko giroan baina ardurei izkin egin gabe, Unai Igartua botilero gogotsuaren gidaritzapean.
Lekukoa hartzea ez zen nolanahiko ardura, eta urtea luzea izan da lanean aritu den koadrila porrokatuarentzat. Baina emaitza emandakoaren neurrikoa izan da: ikaragarria, hunkigarria. Ikasle, irakasle, guraso, lagun... hori da lanean ondo ari-tzea! Eta gainera euskaldun izatearen harrotasunaren epizentro bilakatuta, jaiaren mezua eta eredua -«Euskara Ahora!»- beste esparruetara zabalduz. Horixe baita ospakizun hau: ikastolaren aldeko festa bat baino askoz ere gehiago, euskararekiko konpromiso aldarri ozen eta zintzoa.
Gure indarra gure ahulezia bera da, baina. Euskararen erabileraren aldeko borondateak eta eskuzabaltasunak segida behar du etengabe, egunero, bizirik iraungo badu. Horregatik gure hizkuntzaren normaltasunaren mesedetan lanean aritu, ari eta ariko diren eragile eta norbanako guztien ahalegina txalotu eta eskertu beharra daukagu. Asko direlako, denak beharrezkoak, eta -Egañaren bertsoa gogoan- ekarpen txiki handiak egin dituztelako, nor bere harriari takatekoka.
Eragile horien artean euskarazko tokian tokiko komunikabideak guztiz estrategikoak dira, gure eremuan hizkuntza zabaltzeko eta euskarazko jarduerak eta kultura ezagutarazteko ezinbestekoak zaizkigulako. Garai berrietara egokitzen asmatu eta Tolosaldeko Atariaren sorrera albiste ona da beraz, oso ona. Baina ez dezagun ahaztu guk ere badugula erantzukizuna, aupada berri honen arrakasta, hein batean, irakurleon eta entzuleon esku dago eta. Kaska!