Pasahitza (zaharra)

Rewind

Erabiltzailearen aurpegia Irene Arin 2017ko abenduaren 15a

Egun bat hegan pasatzen da, azkar. Eta zenbat geratzen zaizkigu? Eskukada bat agian, edo gehiago. 85 bat urte bizitzera iristen bagara 29.600 bakarrik ditugu bizitzan. Orain da ispilu aurrean jartzen garenean, irribarreek eragindako zimurrak bilatzen hasten garenean, gure oroitzapenak ea guk nahi ditugun bezalakoak diren pentsatzen dugunean.

Bat batean iristen da: Kafe deskafeinatu bat astelehen batean, hankak lurrean jartzea besterik behar ez duzunean.
 
Ez dauka presarik, beranduegi den arte. Derrepentean, marrazten ari zinen zuzena korapilatzen zaizu. Aurreikusi gabe. Eta hala aurreikusi ahal izan gabe. Beti ez daudelako gris eskalak, ezta kafe epelak ere. Pum. Bizitza une batetik bestera alda daiteke. Eta oraindik ez gara konturatu. Baina denbora ez da inoiz isiltzen.
 
Adierazteak beldur eman ohi digu baina, baimena daukagu batzuetan triste sentitzeko. Egun hartan, pentsakor gelditu nintzen: agian ez daude hemen, baina betirako izan daitezke, oraindik sentitzen badituzu. Oraindik goxo sentiarazten bazaituzte.
 
Nahi dugunaren eta daukagunaren arteko talkaz aritzen gara: ez daukaguna nahi izan ohi dugu. Baina zer gertatzen da daukaguna nahi ez dugunean?
 
Atzera bueltarik ez da existitzen normalean: ez rewind, ez pause, ezta stopik ere bizitzan. Eta gertatutakoak zure esku ez daudenean oraindik eta ulergaitzagoak egiten dira: zein zaila den gogorik eta indarrik handienak jarrita ere beste irtenbiderik ez dagoela jabetzea.
Eta faltan botatzea zer den.
 
Atzo goizean Anttonek irratian esandakoa hartu dut: maitasun edo adeitasun froga modura aldamenekoari ematen diozuna da oparia. Inoiz baino seguruago diot: oparitu denbora. Berreskuratu ezin den gauza bakarra baita.
 
Eman play oroitzapenei, ez utzi ezer zorretan eta hartu kafe hori hala agindu zenion lagun edo senitartekoarekin. Konpondu mundua hizketaldi batean hala sentitzen baduzu. Gehiago bizi, eta gutxiago itxaron. Ez dago beranduegi bat baino okerragorik. Minutuak inbertitu, eta bueltan irribarreak jasotzen hasi. Horrek bai ez duela inoiz alde egiten.
 
Pote txiki txikietan gordeta dauzkagun hamar mila milioi momentuak ez dizkigu inorrek inoiz lapurtuko, izeba.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!