Zerk elkartzen gaituen ez dakit zehazki: gu guztiok pertsona moduan gehien elkartzen, lotzen, interpretatzen laguntzen nahiz banantzen gaituen horrek ez daukalako izenik. Sentimendu askok, ez dutelako izenik.
Sentitzen duguna ezin adierazi hori poesiak bereganatu izan du maiz. Baina metaforetatik at, errealitatea da: sentimendu asko ezin dira izenpetu. Eta nomenklatura askok, ez dituzte sentimenduak izenpetzen.
Saudade portugesetik eta galizieratik datorren izena da, eta honela dio definizioz: sentimenduen nahasketa bat, galera, falta, distantzia eta maitasuna barne hartzen dituen sentimendua da. Melankolia antzeko bat.
Haratago sentimenduei izenak ematen ausartu denik bada: sentimendu umezurtzen hiztegia existitzen da. 100 baino gehiago. Ez dakit zein hizkuntzatan diren, baina hemen nigana hurbildu ditudan batzuk:
Sonder. Zure inguruan dabilen ausaz hautatutako oinezko batek zurea bezain bizitza korapilatsua daukala pentsatzearen sentimendua: bere errutina, zalantza, ardura, egonezin, erokeriekin.
Klexos. Nostalgiaz haratago zure bizitza lehenalditik begiratzean sentitzen duzun hori: oraina tintaz idatzia dago nonbait, eta ezin da ezeztatu. Momentu bat idazten den bakoitzean, zure etorkizuna baldintzatuta dagoela pentsatzen duzunean.
Kenopsia. Beti jendez beteta dagoen leku hori hutsik edo deslai topatzen duzun momentuan sentitzen duzun hori. Zure norbanakoaren bakardadea topatzen duzun une hori.
Opia. Norbaitek begitara indartsu begiratzen dizunean aldi berean senti dezakezun inbasio eta ahultasun hori.
Baina, benetan behar ditugu neologismo emozionalak? Ez dakit. Eta ezin dut esan sentitzen dudan hori. Azaldu bai, baina ezin izenpetu. Edo bai. Saudade. Horixe sentitzen dut nik.