26 ordutan, bakarrik, oxigeno artifizialik gabe, soka finkorik gabe, sherparik gabe. Bere bizitzako gailurren zerrendan zirraraz egindako beste tatxoi bat. Kilian Jornet.
Eta guk bitartean beldurra diogu ausartari, bizimodu ezberdin bat duenari; edo, zuzenean, bizimodu ezberdinari. Ez gaude prest beti izan garenari, beti egin dugunari bizkarra eman, motxila hustu eta inoiz baino pisu handiagoa izango duten harriak bizkarrean hartzeko. Estuegi ditugu ustez ez erortzeko baliogarri zaizkigun sokak. Baina denok dakigu, soka estuek markak uzten dituztela.
Gutxitan, gutxiegitan saiatzen gara soka horiek askatu eta gure indar propioaz alturan mantentzen. Muga eta leku izendaezinetan jartzen dugu gure ortzimuga, eta bidean hasten garenerako kontra-argitan aurkitzen gara: ezezkoan. Kontraesana badirudi ere, argiak ez digu ikusten uzten. Inpotentzian amortiguatzen gara, beldurrez urpetuta itotzen. Euskarri edo sostengu faltari fobia diogu.
Baina bestetik, saiatzen garen bakoitzean ere, merituak aitortzea kostatzen zaigu: saiakerak hutsalak iruditzen zaizkigu, esfortzu handirik suposatzen ez duten ekintzak baliogabetzen. Baina entrenamendu guztiek dute bere balioa: akatsari beldurra izateak atzeruntz ibiltzera bakarrik garamatza.
“Ura hozten da eta hozten da eta hozten da eta kolpean izotza da. Eguna iluntzen da eta iluntzen da eta iluntzen da eta kolpean gaua da. Gizona zahartzen da eta zahartzen da eta zahartzen da eta kolpean hilda dago. Maila-aldaketek izaera-aldaketara daramate”. Hala dio John Barth-ek. Alegia: prozesu bat gara, emozioen eraikuntza. Eta hauen kudeaketaren arduradun bakarra da norbanakoa. Beraz, gugan sinesten hasten garen arte ez dugu kuriositateaz gozatuko, zalantzaz, ausardiaz.
Emozioak, baikortasuna, sostengu propioa.. eta arrakasta.
Gu bakarrik abiatzera ausartuko bagina, beldurrik izan gabe, libre, hegan egitera irits gintezkeelako agian. Eta ez esan ez dakizula hegan egiten, ez bazara inoiz saiatu. Hau da gakoa: zu zara zure bermea. Eta dependentziarik izan beharko bagenu, izan dezagun gure sherpa emozionalenganako dependentzia, elkarbanatuko ditugun gailur sinbolikoengatik.