Kale Kantoitik

Eragiketa sinple Bat

Erabiltzailearen aurpegia Irene Arin 2017ko api. 27a, 16:45

Ezagutzen nauenak badaki: autobusaren zain egonda egiten ditut nire hausnarketa sakonenak. Ze momentu sinplea, ze gauza sinplea. Baina behin zerbait pentsatzen hasita, bustitako paper baten moduan itsasten zait gorputzera. Eta hementxe nago, beste behin, zoriontasunaz hausnartzen.

Batzuetan zoriontasunaz hausnartzea oso barneratuta daukagun betebeharra dela iruditzen zait.

Zoriontasunak, betierekoa eta betirakoa dirudi. Zoriontsu izan zaitezke, zoriona izan dezakezu. Baina poza? Zer gertatzen da pozarekin? Sentitzearen eta izatearen arteko nahastemastearekin hasi naiz, zoriontasunaren formula definitzen duten osagaien arteko baten sinpletasunaz konturatu naizen arte: poz txikiak dira horiek. Alegia, poz txiki nahiz sinpleen batuketaz iritsi zaitezkeela zoriontsu izatera. Zoriontasuna sinpletasunean bilatzeak dakar sinpleki, zoriontsu izatea.

Traszendentalegia da zoriontasuna; eskuragarriagoak, berriz, poz txikiak. Arratsalde aspergarri batean kroketa bat, lagun bati keinu bat egiteko saiakera disimulatuak, astelehen batean kanpoan afaltzea, lanera zure bila sorpresan norbait etortzea, gaueko ordu txikitan konfesiorik handiena elkarbanatzea…

Lagun artean aholkulari-psikologo papera hartzen dugunetan “ingurukoek eta ingurukoak ez dezatela zugan eragina izan” diogu. Baina, ez al da zehazki hori, poz txikia eragiten diguna? Ez ukigarria den hori, baina bai sentiarazi digun kilima, irribarre, edo urduritasun hori. Zoriontasunak, X gramuko pisua izango duelako bere transzendeltasun horretan; beti ere, X hori askatzerakoan kopuru arteko eragiketak zuk erabakitzen dituzularik: emozioaren intentsitateari zuk bakarrik eman diezaiokezu baimena.

Azken aste honetan, denoi tokatzen zaizkigun shock egoera horietakoetan egokitzen zaiguna esan behar izan dut: bizitza, egun batetik bestera aldatzen da. Eta horixe bakarrik esango dizut: denboraren formulako Y-a askatu ezinik ibiliko garenez beti, ez despistatu, eta zentratu X-a altu egiten. Zoriontasuna bilatu egin dezakezulako, edo sinpleki, zu aurkitu zaitzan zure burua agerian jarri dezakezulako.

Ze eragiketa konplikatua, hain gauza sinplerako, ezta?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!