Kale Kantoitik

«Ez dauka presarik»

Erabiltzailearen aurpegia Irene Arin 2017ko mar. 23a, 18:45

Eskuez, guk nahi duguna senti dezakegu. Eskuez, guk nahi duguna erabaki dezakegu. Eskuez, amesten dugun hori bete dezakegu. Lorategi bat nahi izatea, biharrari haziak ereitea delako.

Eroritako hostoei idatzi banien nola ez diet ba etorriko direnei idatziko. Udaberria heldu da. Ez eguraldi onik; baina lasai: udaberriak ez dauka presarik. 
 
Udaberria irrika da. Udaberria kaotikoa da. Ametsak, etorkizunera begiradak, hasierak, amaierak. Udaberria, neguaren nostalgia da. Udaberria, emozioak dira. Udaberria, taupadak dira. Beti berdina diot: urtaroak urtaro baino gehiago sentimenak direla. Hobe: zentzumenak. Usainduko ditugu, laster, berritasunak. Entzungo ditugu koloreen biziak. Dastatuko, zeru urdinak. Ikusiko umore onak. Eta ukituko, lore izan nahi dutenen eztandak. Ukituko ditugu, bai, larunbatean erakutsi genituen eskuez.
 
Zenbaterako balio duten eskuek! Esku adierazkorrak, adeitsuak, biziak, zaharrak, gazteak, alferrak, zaurituak, zainduak, zikinak,… Bost hatz, beharrezko badira, hamar. Eta zenbat funtzio. Esku bat bota dezakegu, eraso bat gelditu, salatu, txalotu, ondokoa agurtu, idatzi, laztandu, liburu bat ireki, beste bat oparitu, bete, hustu. Eta azalean geratzen dena baino sakonago iritsi.
 
Eskuez, guk nahi duguna senti dezakegu. Eskuez, guk nahi duguna erabaki dezakegu. Eskuez, amesten dugun hori bete dezakegu. Lorategi bat nahi izatea, biharrari haziak ereitea delako.
 
Udaberria da, baina ez da oraindik iritsi. Udaberria, askatasuna delako. Udaberriak, noiz etorri erabakiko duelako. Eta gu, udaberriaren zain? Guk ere ez, ez daukagu presarik. Baina asko egiteko. Nire bost hatz, beharrezko badira, hamar. Gehi zure beste bost.. Pentsa. Iritsiko da. Eta kontatuko ditugu falta diren egunak, eskuko hatzei esker.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!